Mattin Lerissa
Kantaria

Baxenafarroan norbaiti Mattin Lerissa (Behorlegi, 1999) nor den galdetzen badiogu, seguru ezagutuko duela: “Eta bai! Xarmanki kantuz ari eta irratian mintzo den putikoa. Behorlegitar gazteak bide luzea egin du urte gutxian. Kantaldi batetik bestera ibili da, bi disko arrakastatsu autoekoitzi ditu eta Euskal Herriko artista onenekin aritu izan da. Orain, Irulegiko irratiko aurkezle da. Bertan juntatu gira berarekin. Inhar Iraizotz. Argazkia: Inhar Iraizotz.

Nolakoa izan zen zure lehen kontaktua kantuarekin?
Betidanik maitatu izan dut kantuz aritzea. Herriko bestetan edo familiartean jendea kantuz ari zelarik loriatzen nintzen. Beraz, haurra nintzenetik ukan dut kantua oso presente ene egunerokoan.

Zure lehen diskoa 16 urterekin argitaratu zenuen. Nola eman zenuen jauzia?
Ene inguruko jendeak ninduen bultzatu. Benito Lertxundiren omenezko kantaldia prestatu genuen kolegioan, eta bakarlari aritu nintzen kantu batzuetan. Pentsa, Hendaian milako baten aitzinean aurkeztu genuen: bakarrik nintzen taula gainean, publikoa aitzinean eta Et Incarnatus orkestra gibelean. Adrenalina sentsazio hori zinez gustuko ukan nuen. Ondotik, Haur Kantu Txapelketan irabazle izan nintzen, eta orduan hasi ziren telefono deiak kantaldietan abesteko. Lehen diskoa ere segidan jinen zen.
Eta orain, kantua alde batera utzi gabe, zure ahotsa duzu lan tresna…
Eta bai! Beti maitatu izan dut soinugintza. Irratian hasi nintzenean, ene gaitasunak azkartu nituen, eta gustua hartu nion. Beti jende berria ezagutzen duzu, aktualitateari segitzen diozu... Beti ari zara sortzen, proiektu berrien inguruko ezagutzak egiten… zinez lanbide ederra da. Xantza dudala uste dut. Ikusi duzun bezala, gainera, Irulegiko irratia biziki herrikoia da. Oraintxe gertatu dena adibide ona da [elkarrizketa garaian, gizon ezezagun bat hurbildu zaie irratira eta kuia bat oparitu die Mattini eta haren lankideei].
Irratiak eta kantuak badute oraino tokirik aitzinamendu teknologiko handiko eta globalizaturiko mundu honetan?
Bistan da badutela etorkizuna. Irratiak xarma berezia dauka. Ezin duzu jakin boz bakoitzaren gibelean nor den, eta horrek irudimena lanean ezartzen du. Preseski, iruditzen zait, gaur egun, sare sozialekin edo telebistarekin kontrakoa gertatzen dela. Ez diot txarrak direnik, baina ez dute xarma hori.

Eta kantua?
Mementoan, ahul aire dirudi, baina itxaropenik ez dezagun gal. Bizia kanturik gabe tristea litzateke. Jendea musika kontsumitzaile bilakatu da, eta lagun artean kantatzeari utzi dio. Kantaldi gehiago behar ditugu. Kantuz ihardetsiko dizut: “Eman kantua elkarri gure xokoetan, etxeetan eta eskoletan, ere gure plazetan, herriko zainetan”.

Noizko zure hurrengo diskoa?
Nik dakita! Ez dut xede bai edo bai bertze disko bat ateratzea. Funtsean, jinen da jin behar delarik. Erronka berria litzateke. Ni ez naiz profesionala, ez dut diskoetxeekin lan egiten. Izan ere, gauzak aitzinatzeko ez dut maite besteen esperoan izatea. Atsegin handia sortzen du zuk egindako hori eskutan ukatea.

Di-da batean

Zerk eragiten dizu barrea?
Adiskideen kokinkeriak.

Eta tristatu?
Herrietako besten afixak frantsesez ikustea.

Eguna ontsa hasteko, zer behar duzu?
Iratzartzean irratia piztea.

Kokinkeria bat?
Lankide batek gidoia aldatu zidan, oharkabean, zozokeria bat erran nezan antenan.

Sekretu bat?
Zuzeneko anitz irratian zuzeneko faltsuak dira.

Kantu bat?
Mundurat eman ninduzun (Xalbadorren hitzak).

Eta zure kantu bat?
Argia ilunean.

A cappella ala musikarekin?
Ezin hauta bata ala bestearen artean.

Musika talde bat?
Guk.

Kantari bat?
Benito Lertxundi.