Arg: Gari Garaialde.

Berriz txapeldun. Maialen Lujanbiok irabazi du 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, abenduaren 18ko final apartan beste zazpi finalistei gailenduta. Bertsolaritzaren munduan aski handia den Iñaki Muruaren eskuetatik jaso zuen Lujanbiok txapela, Nafarroa Arenan bildu ziren milaka ikusleren txalo zaparradaren artean. Txapela hirugarrenez irabazita, historia egiten jarraitzen du Lujanbiok. Ez txapeldunen estatistika kontuengatik soilik, bertsolaritzari egin dion eta egiten ari zaion ekarpen handiarengatik ere bai. Aurtengo txapelketak bestelakoak ere ekarri dizkio bertsolaritzari: protagonista berriak, gai berriak, bertsogintzarako bide berriak... Baita aurreko finaletan ikusi ahal izan dena ere: hizkuntza txikia gauza handiak egiteko gai da. Txapela bakarra da. Txapel bakarrak, jakina, ezin zortzi buru estali. Are gutxiago buruak milaka badira: 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu duten bertsolari, antolatzaile, laguntzaile eta ikusle guztienak. Handia!