SINGLEA
Jahgoikoa eta Reggae Zaharra
Pantx Records 2022

Desegin aurretik, Jahgoikoa eta Reggae Zaharra talde nafarrak disko bat utzi zuen grabaturik, Bat eta bakarra, baina, zoritxarrez, ez zen argitaratu. Orain, Pantx Records zigiluak disko horretatik bi kantu berreskuratu eta single dotorean plazaratu ditu. Argitalpen mugatua da (300 ale), binilo zurian, eta azalaren diseinuak ere Jamaikako sound system-etan jartzen zituzten disko haien estetika ekartzen du gogora. Onena, dena den, mamian dago: bi kantu eder dira, rocksteady estiloan ondutako Bi katu eta reggae sustraidunetik hurbilago dagoen 6 dio. Lan luzea osatzen zuten gainerako abestiak sarean daude entzungai, baina polita izango litzateke Bat eta bakarra diskoa osorik argitaratzea.