Anari Alberdi Santestebanek Susa argitaletxearekin kaleratu du bere lehen liburua: Gari eta goroldiozko. Garizko paisaiek eta goroldiozkoek egiten dute bat lehen pertsonan idatzitako kontakizun honetan. 50 urteak bete dituen eta hildako aita baino zaharragoa dela aspaldi jabetu den emakumea ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, amaren familiaren herrirako auto bidaian doa, denboraren eta espazioaren tolesturen artean hausnartzen. Orain arte, musikagintzan ezagutu dugu Anari, berak idatzi izan ditu bere abestien hitzak ere, baina oraingoan prosa forman egin du ekarpena, arreta kontatzeko moduan jarrita, hori baita, bere ustez, literatura. Idazlearen esanetan, “selfie poliedrikoa” da narrazioa, non pertsonaia, azaldu gabe, itzal bat den kontraargian.

EUSKALIA (Elkar) izena du Mikel Alvarez Sarriegiren lehen nobelak, Augustin Zubikarai bekari esker kaleratuak. Zientzia fikziozko kontakizun jostalaria eta zirikatzailea ondu du idazleak, hango eta hemengo film, telesail eta komikiei keinu eginez eta irakurleari irria piztuko dioten erreferentziak eskainiz: XXIII. mendean, euskaldunek gidatzen dute unibertsoa, eta sekulako ongizate mailaz gozatzen du biztanle orok. Halere, erresistentzia ez dago gustura, garai bateko espainiar kultura eta hizkuntza berreskuratu nahi baititu.

HAMAHIRU IPUIN
Luisa Carnés
Itzulpena: Danele Sarriugarte
Erein, 2022

Bikote gazte baten laztanei begira lotsagorritu da moja; ugazabari planto egin dio jornalari talde batek; Errepublikaren aldeko emakumeak preso daude gerraosteko espetxeetan... Horra hor 27ko belaunaldiko narratzaile handi ahaztuaren kontakizunetako batzuen gaiak, bilduma honi esker lehen aldiz euskaratuak. Ipuin gogor bezain hunkigarri hauetan, emakumeak daude beti istorioaren erdigunean.


POZAREN ERDIA
Harkaitz Cano
Susa, 2022

Poema liburu hau hirurogeita lau sonetok osatzen dute. Egileak lerro neurtu eta errimatuetara ekarri ditu haurtzaroa, umorea, idazketa, desira, jolasa... Lehen ere idatzi izan du gai horiei buruz, baina oraingoan sonetoaren egiturak behartuta egin du: hamalau lerro, eta lerro bakoitzak hamalau silaba. Pandemia aroan, batzuk sudokuak egiten hasi ziren; Cano, berriz, sonetoak idazten. Hauxe da emaitza.