Bizipoza elkarteak Mundu Berri Bat Guztiontzat egitasmoaren hirugarren zenbakia argitaratu du. Honetan batu dituzten 12 abesti eta bideoklipak Bizipozaren parte diren 11 elkarterenak dira: Agipase, Pausoka, Juneren Hegoak, Ndank Ndank, Arnasa, Naizen, Ume Alaia, Dravet, Iñurri, Nuala eta Marea Urdina. Elkarteok egunerokoan lantzen dituzten gaiei eta beren errealitateari buruzko abestiak eta bideoklipak dira. Helburua? Elkarte bakoitzaren mezua gizarteratzea, musikaren, irudiaren eta hitzaren bidez: CDan, abestiak; DVDan, bideoklipak. Azkenik, liburuxkan, elkarte bakoitzaren deskribapena, ilustrazioa, ipuintxoa eta abestiaren hitzak, baita sortzaileekin ateratako talde argazkia ere, euskal kultur sortzaile askorekin, hain zuzen ere: idazleak, bertsolariak, musikariak, ilustratzaileak, argazkilariak... Hamabigarren abestiak, Bizipoza Auzolan kantak, bildu ditu elkarteak eta sortzaile horiek guztiak.