Eginbeharrak geroratzeko ohiturak depresioa, antsietatea eta estresa eragin diezaieke unibertsitateko ikasleei. Hala ondorioztatu du Stockholmeko Unibertsitatean (Suedia) egindako azterketa batek. Ia urtebetez, unibertsitateko 3.525 ikasleren ohiturak aztertu zituzten, prokrastinatzeak ondorengo hilabeteetan kalterik eragiten ote zien ikusteko. Emaitza, baiezkoa: buru osasuneko zein osasun fisikoko arazoekin zerikusia izan omen dezake betebeharrak geroko uzteak. Hau da, baliteke arazoak garatzea. Depresioa, estresa edota antsietatea ez ezik, goialdeko gorputz adarretan mina ere jasan omen daiteke, azterketaren egileen ustez. Era berean, prokrastinazioa bizi ohitura txarrekin lotu dute, hala nola loaren kalitate txarrarekin, eta alkoholaren eta tabakoaren kontsumoarekin. Azterketaren emaitza egia bada, Gero dagoena bego dago atsotitza aldatu eta Gero dagoena eri dago esan beharko dugu?