Internet gurera iritsi zenean, 1990eko hamarkadaren erdialdera, bilatzaileak hierarkikoak ziren. Telefono aurkitegietakoorrialde horien’ filosofiari jarraikiz, kategoria nagusi batzuk izendatzen ziren, eta kategoria bakoitzaren azpian (eskuz) kokatzen ziren zegozkion webguneak. Garai hartan, webguneak ez ziren orain bezainbeste, eta funtzionamendu hark bazuen bere logika.
Hala ere, Interneterako sarbidea orokortu ahala, argitaratzen ziren webgune eta edukien kopurua esponentzialki hazi zen, harik eta eduki hura guztia eskuz sailkatzea ezinezkoa bilakatu zen arte. ‘Sareen sarean’ argitaratuta zegoen informazio guztiaren artean bilatzeko modu berriak asmatu behar izan ziren.
Google 1997an sortu zen, eta web orriak sailkatzeko asmatu zuten PageRank izeneko algoritmoak hankaz gora jarri zuen bilatzaileen mundua: azkar funtzionatzen zuen, eta gero eta emaitza zehatzagoak ematen zituen bilaketetan. Berehala bihurtu zen bilatzaileen errege, eta 25 urtean ia ez da batere aldatu, oinarri-oinarrian, behintzat.
Baina, ai, hemen ezer ez da betiko. Adimen artifizialak (AA) hankaz gora jarriko dizkigun kontu guztien artean Interneteko bilaketak egiteko modua ere ba omen dago. Ondo entrenatutako adimen artifizialak gauza dira (erdaraz, bederen) pertsona baten hizketa naturala ulertu, bertatik testuingurua atera, eta pilatuta dituen datuen artean behar eta testuinguru jakin horretarako erantzun egokiena aukeratzeko, hura ere hizketa naturalean aurkeztuta.
Aurreikuspenak betetzen badira, oso litekeena da datozen hilabeteotan orain arte zientzia-fikziozko pelikuletan soilik zeuden bilatzaile eta interfazeak ikusten hastea, gurekin elkarrizketa naturala izan dezaketenak. Googlek berak, 25 urte hauetan sakoneko aldaketarik egin ez duenak, zein haren lehiakide izan nahi duen Microsoftek ere beren bilatzaileen bertsio berriak aurkeztu dizkigute azken asteotan, adimen artifiziala integratuta dutenak. Adimen artifiziala izango ote da Google bilatzailea akabatuko duen meteoritoa?

LOTURAK

https://labur.eus/demoz
DMOZ bilatzaile hierarkikoaren euskarazko bertsioa. Eduki gehiena guztiz zaharkitua dago, baina ideia egiteko balioko dizu.

https://labur.eus/bard
(Ingelesez) Google Bard, bilatzailearen bertsio berria, adimen artifizialez hobetua.

https://labur.eus/bing
(Ingelesez) Microsoftek ere adimen artifiziala gehitu die bere bilatzaileari eta nabigatzaileari.