Apirilaren 1era arte, Euskal Herriko zein nazioarteko 30 kontalariren lanaz gozatzeko aukera izango da hainbat herritan, Ahoz Aho 2023 Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiari esker. Intujai Teatroak antolatutako jaialdia otsailaren 24an hasi zen, eta, amaitu bitartean, 60 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu Tolosan, Ordizian, Arrasaten, Hernanin, Lizartzan, Berrobin... Haur nahiz helduentzako emanaldiak euskaraz, gaztelaniaz edota elebitan izango dira. Martxoaren 24an, gainera, Ahozkotasunaren Gala Nagusia egingo dute Ordizian, eta, horren barruan, XI. Ahozko Narrazio Lehiaketako final nagusia. Martxoaren 25ean ere hitzordu berezia izango da Tolosako Amarotz auzoan: Euskal Kontalarien VIII. Topaketa. Euskal kontalarien mahai inguru batek hasiko du eguna, baina une garrantzitsuena Urrezko Kalabaza Nagusia sariaren banaketa izango da. Aurten Anjel Lertxundik jasoko du, ahozkotasunak bere lanean izan duen esanguragatik. Egitarau osoa http://intujaiteatro.blogspot.com/ gunean dago ikusgai.

475loraldia

Sormen mailua izango da aurtengo Loraldia

Poesia mailua dela idatzi zuen Gabriel Aresti idazle bilbotarrak, eta irudi hori ekarriko du gogora 2023ko Loraldia festibalak Mailuak gara! leloarekin. Kolpez kolpe, Bilbon sormena zizelkatu eta loratuko du jaialdiaren 9. edizioak, martxoaren 9tik 26ra. Aurten, guztira, 23 ekitaldi eskainiko dituzte Bilboko 14 gunetan. Euskarazko kultura sustatzeko xedez, aurreko urteetako bideari eutsita, diziplina ugari izango dira protagonista, eta emakume eta gazte sortzaileei lekua egiten jarraituko du. Ohi bezala, propio sortutako eskaintzek toki nabarmena izango dute. Adibidez, Bilbon dabil Gabriel Aresti izenburupean, Arestiren Bilbo ezagutzeko ibilbidea, bazkari-ikuskizuna eta Otxarkoagan bideo proiekzio berezia eskainiko dira martxoaren 11n. Bestela ere, eskaintza arras ugaria izango da: Hautsi da anphora CDaren aurkezpena; Benito Lertxundiren emanaldia; erakusketak... Loraldia.eus gunean ikus daiteke agenda zehatza, baita sarrerak erosi ere.

475app

EMAKUME ERREFERENTEAK gizartean errotzeko asmoz, EmariAPP izeneko jolasa sortu du Kalaka aholkularitza bulegoak. Erraza eta arina da: 5 pista eta minutu eta erdi, gehienez, emakumea nor den asmatzeko. Erantzunetan, lau izen daude aukeran. Hilabeteko sailkapena duenez, epe luzez jolastea eskatzen du. Dena dela, egunen batean jokatzen ez bada, partida hori hurrengo egunean joka daiteke. Proiektu zaharrago baten beste urrats bat da EmariAPP. Izan ere, 2018an, Emariak izeneko liburua sortu zuen Kalakak, eta gerora karta jokoa. Google Play eta App Store plataformetan deskarga daiteke jolasa.

475laburbira

MARTXOAREN 6tik apirilaren 5era, 31 herritara iritsiko da XX. Laburbira, Euskaldunon Topaguneak antolatutako euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria. Aurten, guztira, 7 film labur eskainiko ditu: Muskil (Marina Perosanz), Olatuen isiltasuna (Maria Bartolome, Erik Campos eta Fernando Martin), Irrits (Maider Oleaga), Erlojupekoa (Leire Egaña), Hitzak (Josu Martinez), Asko falta da? (Ane Cuesta) eta Koadro goriari heldu (Iulen Arana). Egutegi zehatza hemen: www.topagunea.eus/laburbira.

475artearia

ZAPART euskal artisten sareak Artekaria Euskal Herriko arteari buruzko ataria sortu du, bertoko artisten eta azpiegituren “aberastasun harrigarria” ikusgai jartzeko. Horretarako, informazio mordoa biltzen du: museo, arte gune eta areto publiko zein pribatuen mapaz gain, horiek guztiek sortzen eta antolatzen dituzten erakusketak eta jarduerak. Gainera, euskal artearen gaineko albisteak ere jasotzen ditu artekaria.eus atariak.

475ibilki

ABIAN DA 11. Ibilki, Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerkia hedatzeko EKE Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duen programa. Maiatzera bitartean, Baionan, Hendaian, Azkainen, Ziburun, Senperen, Donibane Lohizunen eta Maulen hainbat talderen lanak ikusi ahal izango dira: Axut! & Artedrama, Tartean Teatroa, Anita Maravillas, Compagnie Jour de fête, Musik’haria, Oier Zuñiga, Ez Dok Hiru, Kukai, Txoborro Magoa... Egitarau osoa www.eke.eus webgunean paratu dute.

475euskaltzaindia

EUSKALTZAINDIAK bere webgunea (www.euskaltzaindia.eus) osatu du, “erabiltzaileen mesedetan”. Alde batetik, argitalpen berriak gehitu dizkio, Euskararen Gramatika, Adorez Hiztegia eta Azkueren Hiztegia (Euskaltzaindiaren Hiztegiaren barruan), besteak beste. Beste alde batetik, zenbait atal eguneratu edo osatu ditu: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA), Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) eta webgunearen gaztelaniazko atala.