Ekilibrista lana (Gaztelupeko Hotsak) argitaratu du Markos Untzetak, xehetasun txikiei arreta handia eskainita. Krisi pertsonal baten ondoren eta pandemiak eragindako ziurgabetasunetik eta oreka galeratik sortutako diskoa da, baina ez horregatik iluna edota tristea. Albumak biltzen dituen hamar abestiak osatzeko, ohiko dituen folk, blues, country eta pop-rock egituretan mugitu da oraingoan ere musikari eibartarra. Giovanni Zanon gitarra jotzailea izan du lagun grabaketa prozesuan. Baita Nando Neira (baxuarekin) eta Karlos Aranzegi (bateriarekin) ere, 2021eko udan Haritz Harreguyren estudioan egindako ekoizpenean. Zigilu berarekin plazaratutako seigarren lana du hau, Gaua basamortuan (2002), Zenbat euri (2006), Mississippi (2011), Seinaleak (2016) eta Eguzki gorri bat (2018) diskoen ostean.

475lekuek

LEKUEK FESTIBALA ospatuko da Gernikan martxoaren 17tik 25era bitartean, 10. edizioa. Kontzertuak, ekintzak eta proiekzioak antolatu dituzte, hainbat sormen adierazpen eta interes artistiko Gernikako zenbait elkargunetan zabaltzeko asmoz. Hala, adin eta molde guztietako publikoari eskainitako askotariko genero musikalak egongo dira, “festibal kontzeptu ezberdin hau aurrera eramateko: etxekoa eta nazioartekoa aldi berean, zirraragarria eta sutsua, korala eta harmonikoa”.

475sua

GORDE GENITUEN BELDURRAK
Sua
Airaka, 2022

Talde bizkaitarrak hamar abestirekin eta olerki batekin egin die aurre bere belaunaldiko beldurrei. Izu indibidualak, baina baita kolektiboak ere. Aurrerapausoa, norberaren munstroei aurre egiteko eta haiek besteren bihurtzeko. Popa, indiea, (post-)rocka, spoken-worda eta punka, bakarrik ez gaudela sentitzeko. Ane Barrenetxea, Janire Lopez, Julen Gilbert Wright eta Esteban Gabiria dira Sua.

475x5

ABESTIAK GOGOAN
X5 Kolektiboa
Vaiven Producciones, 2022

X5 Kolektiboak Karlos Gimenezek azken hamarkadetan musikatutako 13 abesti berrikusi ditu. Hain zuzen, Xabier Letek, Nikolas Ormaetxea Orixek, Joxerra Garziak, Joseba Sarrionandiak eta John Donnek idatzitakoak. Gimenezek berak (pianoa), Iñaki Salvadorrek (pianoa), Pettik (ahotsa eta harmonika), Nerea Gorritik (ahotsa) eta Francisco Herrerok (biolina) osatu dute kolektiboa,irauteko bokazioz”.