Brasil beste kontu batzuengatik izan dugu hizpide aspaldian, baina, politika alde batera utzita, baditu ikustea merezi duten paraje zoragarriak ere. Adibidez, Rio de Janeirok 500 urte pasatxo ditu, eta labarrek, badiek, hondartzek…, Kristo Erredentoreak zainduta, munduko hiririk ederrenetakoa bihurtzen dute. Juan Luis Mugertza.

Hiriko sinboloak dira Pao de Açucar eta Kristo Erredentorea. Ohikoa da horiek bisitatzea, hiria ikusteko aukera ederra ematen dutelako. Lehenengoa itsas mailatik 396 metrora dago. Bigarrena, 710era, Corcovado izeneko mendixkan. Dena den, Rio de Janeiroko eskaintza ez da hor bukatzen. Badago beste Rio bat ere, brasildarren plater nazionala (feijoada: babarrun beltzak eta arroz zuria) dastatzeko, garagardoa choperietan edateko edota egarria caipirinhaz (cachaza eta lima xehatua, azukrea eta izotza) asetzeko parada ematen duena. Eta, nola ez, brasildar musika (sanba, bossa nova, forro…), aldakarik herdoilduena ere dantzan jartzeko.
Gustu guztietarako
Rio de Janeiroko hondartzek (Copacabana, Ipanema, Leblon, Barra da Tijuca...) berezko nortasuna dute. Jende askok hartzen du aterpe egunero hondarraren zurian, baina batzuek aisialdirako (futbola, boleibola, surfa, bodyboarda...) eta beste batzuek sosak irabazteko erabiltzen dituzte. Hala, saltzaile ibiltariek ederki asetzen dituzte bainularien beharrak, txurroak, izozkiak, freskagarriak, fruta, koko eta kanabera zukua salduz.
Jaiegunetan, hondartza ondoko kaleetan ez da trafikorik izaten; oinezkoek agintzen dute, eta aire libreko kiroldegi bihurtzen da. Jendeak gimnasia, tai ji eta korrika egiteko edo patinez eta bizikletaz ibiltzeko aprobetxatzen du. Rioko kostaldeak 80 kilometro ditu, eta jende askok bizikleta erabiltzen du Copacabanako bidegorrian hasita Ipanema (“ur arriskutsua” tupi-gurani hizkuntzan) eta Lebloneraino joateko.
Posto-ak
Hondartzetan ibiltzeko askatasun osoa izan arren, bertakoek badakite zer dagoen alde bakoitzean: postoak dira erreferentziak. Copacabanan, esaterako, 3. postoan homosexualak batzen dira. Rua Santa Clara eta Rua Constante Ramos artean, gazteak eta boleibol jokalariak. Rua Xabier da Silveiran, udatiarrak eta prostitutak. Eta Ipaneman, surflariak, ondoko faveletakoak, intelektualak eta Rioko neska eta mutilik ederrenak, egokitutako lekuetan kirola egiten eta giharrak lantzen, izerdi-patsetan. Halere, Tom Jobimek eta Vinicious de Moraesek 60ko hamarkadaren hasieran egindako Garota de Ipanema (Ipanemako neska) kantuak egin zuen ospetsu auzoa. Orduko kafetegi eta taberna asko artista, intelektual eta liberal aberatsen topaleku ziren, baina 1964ko kolpe militarrak eta ondorengo errepresioak jende asko atzerrira joatera behartu zuten. 70eko hamarkadan, Leblon izan zen gaueko giroaren lekua, belaunaldi berriko artistak eta musikariak Ataulfo de Paiva etorbideko taberna eta jatetxeetan hasi baitziren elkartzen. Gaur egun, hango giroa atsegina da, baina Rioko gaueko saltsa eta piperra Lapan dago.

Rocinha: Rioko favelarik handiena

Leku gehienetan aberatsek txiroei goitik behera begiratzeko joera badute ere, Rio de Janeiroko bazter auzoetan, Brasilgo beste leku askotan bezala, paperak trukatu egin ohi dira. Izan ere, XIX. mendearen bukaera aldera etxebizitza krisia zela eta Rioko mendi magaletan inolako kontrolik gabe egindako etxetxoek sekulako aukera ematen diete horretarako faveletako bizilagunei. Rio de Janeiroko postalek bestelako kolorea erakusten badute ere, 750 favelak osatutako paisaia ezin daiteke albora. Klase ertaineko brasildar gutxik ezagutzen ditu. Bertakoentzat, kale aldapatsu eta zoko-mokoetan ibiltzea txirotasuna, bazterkeria, delitua eta gainerako keriak da. Kanpotik ikusita, favelek mendi magalean eskegitako gotorlekuak dirudite, baina behin barruko labirintoetan etxeek estetika berezia dute, eta barruko munduak, nortasuna.
Rocinhako etxe gehienek jabego titulua izan arren, gainerako hiritarrek baino zerga gutxiago ordaintzen dute. Copacabanan jendea eskean ikusten da, edo lapurretan; Rocinhan, aldiz, arauak betez gero, ez omen da ezer gertatzen. Guri, behintzat, ez zitzaigun ezer jazo. Hori bai, kale kantoi askotan droga trafikatzaileak bezeroen zain egoten dira, bizkar zorroak eta plastikozko poltsak begi bistan. Nahiz eta haiengandik 50 metrora polizia postua egon, emakumeak umetxoekin eskutik helduta pasatzen dira, ezer gertatuko ez balitz bezala. Inor ez da harritzen, inork ez du inor salatzen. Hala ere, batzuetan poliziak sarekadak egin, eta hildakoak erruz izaten dira. Hala eta guztiz ere, tarteka suertatutako gorabehera horiek alde batera utzita, Rocinhan bizi diren berrehun mila lagunek gainerako leku askotan ez bezala amesteko sekulako aukera dute: Rocinha eta Gavia, Rio de Janeiroko auzorik aberatsena, elkarren ondoan daude. Leihoa zabaldu eta hantxe dute aberastasuna aurrez aurre.