Lezo, Oiartzun, Orereta eta Pasaiako AEKren euskaltegiek antolatutako III. Mikroipuin Lehiaketa Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegiko Oihane Mugika ikaslearen Arrantzale ona ipuinak irabazi du. Haren freskotasuna goraipatu dute, aho batez, epaimahaikideek (Oroitzene, Intxixu, Xenpelar eta Txirrita euskaltegietako irakasle bana). Gehienez 150 hitz idatz zitezkeen, eta ezinbesteko beste baldintza bat ere izan dute parte hartu duten 50 ikasleek: “muga” hitza edo haren aldaeraren bat agertzea. Oarsoaldeko AEK-k liburuxka bat argitaratuko du, 10 lanik onenek eta eskualdeko zenbait idazle ezagunen ipuinek osatua (Olaia Gerendiain pasaitarra, Agustina Pontesta eta Mikel Susperregi lezoarrak, Olatz Mitxelena eta Antton Kazabon oiartzuarrak, eta Joxemari Carrere oreretarra). Oraingoz, lehiaketako bost onenak daude irakurgai oarsoaldekoaek.blogspot.com webgunean. Maiatzean, Herri Urratsen atarian jasoko dituzte sariak ipuin onenen egileek. Irabazleak, Errigorako saskia eta liburu bat. Bigarrenak eta hirugarrenak, liburu bana, Oreretako Xenpelar liburu dendatik; eta hirugarrenak eta laugarrenak, Euskaraldiko poltsa bana.