Egungo zaintza sistema eraldatzeko asmoz, borroka dinamika hasi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Lehen mugarria ere jarri dute: martxoaren 8a. Denon bizitzak erdigunean leloa oinarri, “zaintzarako eskubide kolektiboaren alde” egingo du mugimenduak. Gasteizen eginiko agerraldi batean salatu zutenez, “langile klaseko emakumeak” dira oraindik ere zaintza lana eusten dutenak. Baldintza txarretan egin ohi dute lan, gainera. Hala, zaintza erantzukizun sozial bihur dadin, eta ez negozio”, mugimendu feminista berriro aktibatu da eta mobilizazio prozesua hasi du. Zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko ari direnekin indarrak batzeko asmoa agertu du mugimenduak, baita zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin ere. Era berean, Euskal Herriko “kide feminista guztiak” beren herri eta auzoetan asanblada feministak aktibatzera eta antolatzera deitu dituzte, eta prozesuarekin bat egitera. Horretarako, materiala ere jarri dute sarean.