Aurten ere ez da greba orokorrik iragarri martxoaren zortzirako. Gogoan dut hala egingo genuela esan genuenean gizon asko asaldatu zirela: haiek ere greba egin nahi zuten gure alde, gure bidelagun izan nahi zuten. Deialdi zoragarri haietatik hona, pandemia eta lehorte bat joan dira, baina euria eta elurra ere erruz egin du. Munduak ez du alferrik jarraitu bueltaka. Martxoaren zortziko greba orokor haietatik hona, milaka emakume hil dituzte munduan, eta horietatik asko beren hurbileko norbaiten esku zendu dira. Urtero egiten dira milaka abortu klandestino, emakumeen osasuna jokoan jarrita, erlijio zein politika arrazoiengatik ez dutelako zerbitzu hori osasun sistema publikoetan eskaini nahi. Salatutako bortxaketena baino kopuru infinituagoa da salatzen ez direnena, baina, hori baino, komunikabide eta tertuliakide zenbaitek nahiago dute emakumeek egiten omen dituzten tratu txarren salaketa faltsuak haizatu. Europara sartu nahian beren herria eta etxea atzean uzten dituzten emakume migratzaile ia guztiak bortxatu egiten dituzte Europara iritsi aurretik. Soldata arrakala eta kristalezko sabaia gurekin bizi ziren greba orokorretan, eta gurekin bizi dira orain ere; eta, hori gutxi balitz bezala, doako zaintza lanen ia ehuneko ehun geuk egiten ditugu. Ausartuko nintzateke esatera ordainpekoan ere geu garela gehiengoa, baina datu zehatzagoak beharko nituzke.
Gurekin batera greba orokorra egin nahi zuten gizon horiei guztiei galdetu nahi nieke zer egin duten urte hauetan gauzak honela ez izateko. Ez da demagogia, ez da xantaia emozionala: errealitatea da. Gure protestak zuenganatu nahi dituzuen bitartean, guk zapalduta jarraitzen dugu, eta asko dira egin ditzakezuen gauzak; baina ez dituzue zuen lagunak salatu nahi, ez duzue zuen ibilbide profesionalean atzerapauso bat egin nahi, ez diozue erdigunean egoteari utzi nahi, ez duzue doako zaintza ardurarik hartu nahi…