Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez irundarrak Hego Amerikara abiatu dira “road trip kulturala” gauzatzera. Hemen Gaude izendatutako proiektuan, 25.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte Euskal Herritik eramandako auto batean, euskaldunon urratsei jarraikiz. Marcos Tedin. Argazkiak: Maialen Lopez, Iñaki Goikoetxea.

Abenturatik datoz. Ez didate esan, oraindik, baina nabaritzen da. Goikoetxeak eta Lopezek hoteleko gela txiki eta epel batean hartu naute, bideodei bidez, eta beren ahotsetan hunkituta daudela igar daiteke. Titikakan daude, Bolivian, Euskal Herritik bederatzi mila kilometrora.
Hemen Gaude proiektua Buenos Airesen hasi zuten, 2022ko irailaren 25ean, eta azken 5 hilabeteetan hogei mila kilometro baino gehiago egin dituzte Hego Amerikako 5 herrialde zeharkatuz: dagoeneko Argentina, Txile, Paraguai, Uruguai, Brasil eta Bolivian egon dira “road trip kultural” honetan. Peru, Ekuador eta Kolonbiara ere joango dira. Herrialde bakoitzean, Irungo bikoteak euskaldunek utzi dituzten urratsei jarraitzen diete. Euskal etxeetan hartu dituzte, eta, ikusi ahala, sare sozialen bidez zabaltzen ari dira Hego Amerikan dagoen euskal eragina. Han, oso ohikoa da kaleek, auzoek, herriek eta lekuek euskal izenak izatea: Olavarría, Necochea, Azcuenaga, Irigoyen… euskal eragina nonahi aurki daiteke.
Izugarrizko bidaia egiten ari dira Lopez eta Goikoetxea, Hego Amerikako leku politenak ikusiz eta, bitartean, euskaldunon urratsak erakusten. Askotan, euskal herritarrok ez gara munduan eragin izan dugun zirraraz ohartzen, beraz, Hemen Gaude egitasmoa aukera ezin hobea da horren gaineko informazioa eskuratzeko eta Ozeano Atlantikoaren beste aldean ere bagaudela ikusteko. Bi hilabete barru, bikotea Euskal Herrira itzuliko da, eta bidaiari amaiera emango dio. Hala ere, Goikoetxeak badaki bideak aurrera jarraituko duela: “Bizitza osorako bidaia da”.

Zergatik erabaki zenuten bidaia hau egitea?
Lopez: Pandemia garaian ez zegoenez bidaiatzerik, bidaia luze batekin pentsatzen hasi ginen. Iñakik egin zuen master bateko bukaerako lana horixe zen, hain zuzen ere, Hego Amerikan euskaldunak dauden lekuetatik igarotzeko road trip-a. Hala, bidaiatzeko gure ametsa Iñakiren lanarekin lotu genuen. Hego Amerikara etorrita, gutxi gorabehera Iñakik planteaturiko road trip hori egiten ari gara.
Beraz, Iñaki, bertara heldu baino lehen ezagutzen zenuen Hego Amerikan dagoen euskal diaspora?
Goikoetxea: Bai. Izan ere, 2012tik 2014ra, Euskal Jaurlaritzak diasporarekin harremanak bideratzeko daukan sailean ibili nintzen lanean, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan. AEBetara joan ginen hainbat euskal etxe ezagutzera eta harreman asko sortu nituen. Geroztik, eutsi egin diet harreman horiei, eta euskalkultura.eus (euskal diaspora lantzen duen webgunea) beti irakurtzen dut. Oso mundu interesgarria da, eta hori kontatzea… berezia.
Zer da, orain arte, gehien harritu zaituztena?
Lopez: Urrian, Macachinera (Argentina) joan ginen, Euskal Astera, eta ikusi genuena txundigarria izan zen. Hainbeste dantzari eta hainbeste jende elkarrekin euskal kultura ospatzen! Gerora, Euskal Etxe pila bat bisitatu ditugu, eta hainbeste jende ikustea, gure kulturarekin lotura daukana, oso berezia izan da. Baita, batik bat, euskara ikasten dutenak ere. Hizkuntza zaila da, eta ikusi dugu hemen jendeak ahalegin handiagoa egiten duela. Euskara ikasten dutenek meritu handia dute.
Zuen ustez, Hego Amerikako euskal diasporak bultzada eman diezaioke euskarari?
Goikoetxea: Uste dut, hemengo egoera ikusi ondoren, gu hara bueltatzen garenean hau guztia gogoratu behar dugula. Eta Euskal Herrian dagoen jendeak ere jakin beharko lukeela Euskal Herritik oso urruti badagoela euskararekiko atxikimendu berezia daukan jendea. Euskal Herriko jendeak hemen dagoena ikustea, baikortasun txute ikaragarria izango litzateke. Hemen gertatzen dena Euskal Herriari erakustea lortu beharko litzateke.
Horretarako, zuek sare sozialak aukeratu dituzte.
Lopez: Beste formatu batzuetan badago eduki hau, baina ez sare sozialetan, gure ustez, eta jendeak halako informazioa haien bitartez kontsumitzen du gaur egun. Horregatik nahi dugu zabaldu hemen gertatzen dena sare sozialen bidez; lau sare ireki genituen plataforma publiko zabalagora iristeko, ahalik eta jende gehienarengana iristeko.

BIDAIA SAREETAN

Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez Irungoak dira, eta 2022an Hego Amerikan zehar bidaiatzea erabaki zuten, beren autoan. 25.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte, euskaldunok kontinentean utzitako arrastoa erakustea xede. Bidaiaren bidez, Goikoetxea eta Lopez Hego Amerika eta Euskal Herria hurbiltzen saiatuko dira. Horretarako, sare sozialek garrantzia handia dute: Instagramen, TikToken, Twitterren eta Facebooken daude egiten dituzten bideo eta argazki guztiak, betiere euskara lehenetsita. Euskal Herriak Hego Amerikan duen presentzia agerian jarri nahi dute.