TELMO IRURETA (Zumaia, 1989) aktoreak desgaitasun fisikoa du, umetan jasandako eritasun baten ondorioz. Orain, Sexberdinak/Sexpiertos antzezten dabil, Aitziber Garmendiarekin batera. Aktore berri onenaren Goya saria jaso du bere lehen film luzean jokatutako rolagatik. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Sariak emango dizu desgaitasuna bereizgarri ez duten beste paper batzuk lortzeko aukera gehiago?
Baietz uste dut, gustatuko litzaidake. Ez dago desgaitasuna duen pertsonaia asko. Orduan, beste edozein ezaugarri balitz bezala tratatzeko, lehenengo desgaitasunaz hitz egin beharra dago. Lehen, adibidez, pertsonaia homosexualak homosexualak ziren, eta kito. Ez zuten beste arazorik edo bizitzarik, ezaugarri hori besterik ez zen istorioaren ardatza. Gaur egun, normalizatu egin da, eta pertsonaia, gay izateaz gain, beste zerbait ere izan daiteke. Desgaitasunarekin gauza bera lortzeko, oraindik asko hitz egin behar da.

 

“Desgaitasunaren aurrean, jendeak ez daki nola jokatu”
“Ez naiz ez matxista ez bortxatzailea ez horrelako ezer”
“Ez dut inor iraindu, nire ustez ondo dagoen zerbait defendatu baizik”
“Hizkuntza bat maitatzeko, ez da beharrezkoa den-dena jakitea”
“Zuzendariak eta gidoilariak nirekin gogoratzera animatu nahi ditut, kar-kar!”
“Gustura hartuko nuke Oscar saria. Batek daki, zergatik ez?”

Gizarteak ez zaituzte ikusten? Ez zaituzte ikusi nahi?
Batzuek ikusten gaituzte eta deseroso sentitzen dira. Beste batzuei ez zaie interesatzen. Eta beste batzuek ez gaituzte ikusten. Denetik dago. Egia da pixkanaka ari garela ikusgarritasuna lortzen, baina gehiago behar da, jendeak ez dituelako gauza asko ezagutzen. Ez da galdetzera ausartzen, ez daki nola jokatu. Beraz, geuk hasi behar dugu kontatzen eta erakusten, jendea galdetzera animatu behar dugu. Edukazioz eta errespetuz hitz egiten bada, ez dago isiltzeko ezer.
Hortaz, desgaitasunaren errealitatea azaleratzeko ardura sentitzen duzu?
Bai, sentitzen dut ardura hori, nire lanaren bidez minusbaliotasun bat daukagunon bizitza nolakoa den erakustekoa. Saiatzen naiz ondo islatzen, horrela jende askori lagundu ahal diodalako. Nik pantailan nirea bezalako gorputzak ikusi izan banitu, ez nintzen hain bakarrik sentituko. Pantailan ikusitako norbaitekin identifikatuta sentitzeak lagundu egiten du.

Sariagatik eskerrak ematean esan zenuenak polemika piztu zuen. Nola bizi izan zenuen?
Oso ondo pasatu nuen guztia irakurtzen, egiatan! Jendeak, askotan, jakin gabe hitz egiten du, eta, nahi gabe, harriak botatzen dizkio bere buruari. Oso jarrera defentsiboa dute. Ni ez naiz erasotua sentitzen, ez naizelako deskribatzen duten Telmo hori, ez dira nitaz ari. Ez naiz ez matxista ez bortxatzailea ez horrelako ezer. Hortaz, ez dit eragiten. Gainera, norberaren iritzia ematea gauza bat da, baina iraintzeak dotorezia kentzen dizu. Nik ez dut inor iraindu, nire ustez ondo dagoen zerbait defendatu baizik, inori kalterik egiten ez diona. Hitz batzuk, prostituzioa, esaterako, agian nahastu egin ziren. Prostituzioak badu alde iluna, baina diskurtsoari erreparatzen badiozu, nik ez nuen hori aipatu. Pelikulan sexu laguntzailearen gaia ikusteak eta une batean prostituzioa aipatzeak ekarri du polemika, baina diskurtsoan sexu eskubidea bakarrik aipatu nuen; jendeak erantzun du sexua ez dela eskubidea, bi pertsonen arteko desioa baizik, eta bietako batek desio hori ez badauka, bortxaketa dela. Emakumeen aurkako indarkeria ere aipatu dute, baina zer emakume?! Ni maritxua naiz eta! Norbaiti ordaindu behar badiot, mutil bati izango da, ez neska bati. Haien diskurtsoa nirea baino desorekatuagoa da!

Pertsona heldu eta libreen arteko prostituzioa defendatzen duzu. Badago prostituzio librerik?
Prostituzio libreaz edo legalaz ari naiz, ez sexu esplotazioaz, ez behartua dagoen jendeaz. Hori oso gaizki iruditzen zait, eta guztiz kontra nago. Badirudi jendeak ez duela hori ulertu, edo ez duela ulertu nahi.
Ika-mika sare sozialetan zabaldu zen, batez ere. Gustuko duzu mundu hori?
Gustatzen zait, baina nahiago dut horrelako komentario negatiboei ez erantzun; izan ere, haien jokoan sartzen bazara, zure Instagram eztabaidaz betetzen zaizu. Hobe da haien artean eztabaidatzea, kontrakoak eta aldekoak baitaude. Nik erantzun nahiko nukeena nire aldekoek esaten badute... kito!
Zer alde dago sexu laguntzaileen eta prostituzioan aritzen direnen artean?
Nahasgarria izan daiteke. Informatzen aritu naiz eta gehienek diote sexu laguntzaileak bere eskuekin laguntzen duela. Hau da, nik nire eskuekin egin ezin dudan horretan laguntzen dit. Ni, oraingoz, ez naiz egon sexu laguntzaileekin, prostitutuekin baizik. Orain, esan bezala, informatzen nabil, gaiari buruz jakinaren gainean hitz egiteko. Kontatu didatenaren arabera, oso interesgarria iruditzen zait, laguntza ona izan daiteke jende askorentzat, baina zerbait gehiago nahi izanez gero, sexu harreman osoak edo bestearen gorputza zeureganatu... hor ba omen dago sexu laguntzaileek zeharkatzen ez duten muga bat.
Sexu laguntzaileek ere kobratzen dute...
Bai, baina herrialde batzuetan laguntzak daude, eta batzuek dohainik edukiko dute, erakundeek badutelako horretarako aurrekontua. Gizarte laguntza da, badakitelako, edo kontzientziatuta daudelako, sexualitateak bizi kalitatea hobetzen duela. Esan didate, halaber, eta ikertuko dut, sexu laguntzaileak bi pertsonen arteko komunikazioa lantzen saiatzen direla, lotura sortzen... plazera lortzeko norberaren bidea zein den esperimentatzeko. Edo geratzen zara kafea hartzeko eta zer gustatzen zaizun komentatzeko, zer ezin duzun egin... baina une horretan sexu goseak bazaude, ez duzu kaferik nahi. Sexuaz hitz egitean, askotan aipatzen da sexu laguntza egokia dela, baina bestea ezkutatu egiten da, prostituzioaz hitz egiteak beldurra ematen digulako. Nire ustez, biak daude ondo.
Tele5ko La que se avecina telesailean hartu zenuen parte. Hemen lanik ez bada, Espainia aldera joateko prest?
Kapitulu bateko pertsonaia izan zen, baina kapitulu bakoitza hainbeste aldiz errepikatzen dutenez, han bizi naizela dirudi, kar-kar! Pozik joango nintzateke telesail bat egitera. Pertsonaia finkoa, imajinatzen?! Madril hiria bera ez zait gustatzen, baina lanagatik bada, mugitzen naiz. Leku batean geratu, eta ekartzen eta eramaten banaute, nik gustura egingo dut neure lana.
Geureari begiratuta, euskara ikasteko bi arrazoi?
Hizkuntzak, altxorrak izanik, aberastu egiten gaituzte. Hizkuntza bat maitatzeko, ez da beharrezkoa den-dena jakitea; agian, ipuin bat edo abesti bat atsegin duzu, eta horiek ikastea edo lantzea ere oso polita da. Gainera, egia da euskara ez dela beste hizkuntza batzuk bezain handia edo ez dela ikusten hain beharrezkoa, baina horrek ere ematen dio bere xarma. Oso etxekoa dugu.
Guztiak probatu dituzunez, galdera tipikoa: telebista, antzerkia ala zinema?
Antzerkia asko gustatzen zait, oso magikoa delako eta publikoaren erantzuna une horretan bertan daukazulako. Ikusi egiten duzu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, baina magia hori momentukoa da, eta gero joan egiten da, desagertu. Pelikulak egitea ere ondo dago, gero material hori hor geratzen delako; eta erakusteko eta jendea hezteko balio baldin badu... bada, primeran, ezta? Telebistak ere erakartzen nau. Utziko ez aukeratzen?
Eta orain, telefonoak noiz joko zain?
Orain, lanerako gogo handiz. Ez naiz geratuko telefono deiaren zain, igual deituko dutelako edo igual ez. Deitzen ez badute, idazten, sortzen, jarraituko dut, bestela aspertu egingo naiz eta. Baina zuzendariak eta gidoilariak nirekin gogoratzera animatu nahi ditut, kar-kar!
Zer ari zara idazten?
Film labur bat egiteko asmoa dut, sexualitatearen ideia jorratzen segitu nahi dut. Hasieran, baztertu egin nuen, ez daukadala beste gairik eta obsesionatuta nagoela emango zuelako, baina ikusi dudanez jendea oraindik ez dela enteratu eta asko daukala ikasteko, badaukat beste motibo bat sexuaz hitz egiten segitzeko. Sexua landu nahi dut, baina, batez ere, maitasuna, askotan ekidin egiten dugulako, ez dugu kontuan hartzen. Umore puntu batzuk edukiko dituen arren, ez da izango komedia, nahiko mingarria baizik, barrena lasaitzeko gogoa daukat. A! Eta Disney ukitua eduki behar du, ni oso Disney naizelako. Hori da nire alde ñoño eta infantila. Heldua sentitzen naiz, baina txikitako gauza batzuk gustatzen zaizkit oraindik ere. Sirenatxoarekin identifikatzen banaiz, zer egingo diot nik?! Disneyren filmek magia dute. Niri, adibidez, errealitatetik ihes egiteko bidea ireki zidaten.
Arte eszenikoak, irakasle ikasketak eta pedagogia ikasi dituzu. Eta orain psikologia...
Utzi egin dut. B plana edukitzeko hasi nintzen. Aktore lana oso polita da, baina oso konplikatua. Aktore izango naiz aukera daukadanean, baina ez dudanean, zer? Psikologo ona izan nintzatekeela iruditu zitzaidan eta izena eman nuen, etorkizunean beste aukera bat edukitzeko. Baina orain memento polita bizitzen ari naiz aktore jardunean. Leku guztietan egon nahi nuen: Psikologia Fakultatean, Zinemaldian, antzokietan... Gauza gehiegi ziren eta estutu egin nintzen. Psikologia lau urte barru ondo egoteko plana da, baina nik orain egon nahi dut ondo, ez dut oraina galdu nahi. Gero gerokoak!

KOLKOTIK

Zure bizitzako leloa? Ezina ekinez egina.
Larunbat gauerako planik onena? Afari goxoa, antzezlan bat ikusi eta ohera konpainiarekin.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Coca-Cola.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Spice Girls entzun. Edo, bestela, idatzi.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen titularra? John Smith elbarri baten bila dabiltzala Pocahontasen hezur-haragizko bertsio bitxia egiteko.
Bizitzako plazer txiki bat? Nocilla koilara txikiaz jatea.
Aktore izateak daukan gauza on bat? Lan bakoitza berria dela. Ez da lan bat, asko baizik. Gaur gauza bat naiz eta bihar beste bat.
Eta txarra? Hurrengo astean lanik izango duzun ez jakitea, ziurtasun falta.
Goya lortuta, Oscarra noizko? Kar-kar! Gustura hartuko nuke. Batek daki, zergatik ez? Gauzak zail ikusten baditugu, zaila da lortzea. Gora begiratu behar da.
Film bat? The Sound of Music (1965).
Antzezlan bat? Ama begira zazu (1989).
Egia al da kolore horiak zorte txarra ekartzen duela? Gezur galanta!
Zein zuzendarirekin egin nahiko zenuke lan? Alberto Caballerok proiektu bati buruz hitz egin zidan, eta oraindik ez dut esperantza galdu.
Norekin joango zinateke pintxo-potea egitera? Anabel Alonsorekin!
Nor da heroia zuretzat? Mercedes Mila, hain dago ziur bere buruaz...
Zerk ematen dizu lotsa? Lan bat gaizki ateratzeak ez naizelako erabat kontzentratu. Eta orain, Goya jasota, are gehiago.
Eta beldurra? Altuerek, bertigoa daukat. Eta intsektuek. Eta etxean txori bat sartzen bada, ufa!
Amorrua? Ezjakintasunak, nola hitz egiten den askotan bestearen tokian jarri gabe, enpatia ezak. Eta puntualtasun faltak!
Labur esanda, nolakoa da Telmo Irureta? Alaia, sormen handikoa, perfekzionista eta probokatzailea.