Bidasoako AEK-k Irungo euskaltegia hiriko auzoetara eramateko egitasmoa jarri du martxan ikasturte honetan. 62.000 biztanle inguru ditu Irunek, eta, historikoak eta sortzen ari direnak batuta, zortzi-hamar auzo. Horietako batzuetatik erdigunera iristeko, garraio publikoa hartu behar da; bestela, oinez, ordu erdi edo gehiago. Irungo euskaltegiak, hortaz, irakasleak eta eskolak auzoetara hurbiltzea pentsatu zuen. Baita egin ere: hasteko, auzo elkarteekiko harremanak gertutasun handiagoa sortuko zuelakoan, Larreaundi-Olaberria auzo elkartera jo zuen. Han, ondo hartu zuten egitasmoa, eta, joan den irailean, AEK-ko eta auzo elkarteko kide bana elkarrekin ibili ziren dendaz denda eta tabernaz taberna, informazioa batera zabaltzen. Merkatariei begirako kanpaina izan zen, batez ere, eskolak auzoan bertan eskainiz auzokidez osatutako taldeei. Horrela eratu zen orain martxan dagoen bederatzi laguneko taldea: astearte eta ostiraletan aritzen da, elkarteak Larreaundi auzoan duen lokal batean, bertara joaten zaien irakaslearekin. Proba pilotua ondo atera denez, datorren ikasturtean egitasmoa Irungo beste bizpahiru auzotara zabaltzeko asmoa du Bidasoako AEK-k.