Urmuga egitasmoak, iazko arrakastaren ostean, aurten ere Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du, 19 etapako ibilbidean mendia eta musika lotuta. Ibilbideak Euskal Herriko ur isurialdeen banalerroari jarraituko dio, Bizkaiko golkora eta Mediterraneora isurtzen diren urak banatzen dituen ertzari, hain zuzen. Uztailaren 13an abiatuko da, Angulo mendatean, eta 31n amaituko, Hiru Erregeen Mahaian. Mendi ibilaldi musikatua izanik, bidean kontzertuak eskainiko dituzte, egunero, igarotako mendi parajeetan. Formatu txiki zein handikoak izango dira, eta aniztasuna izango dute ezaugarri. Besteak beste, Olatz Salvadorrek, Niko Etxartek, Chill Mafiak, Gorka eta Nerea Urbizuk, eta Nogen taldeak hartuko dute parte. Guztiek Et Incarnatus orkestrako hamabost kideko taldea izango dute lagun. Egitasmoan edonork parte har dezake, betiere antolatzaileek ezarritako baldintzak betez gero: osasun eta segurtasun neurriak betetzea, batetik, eta natura eta gainerako partaideak errespetatzea, bestetik. Informazio zehatzagoa urmuga.eus atarian jaso daiteke.