Zuzendaria: Tarik Saleh. Gidoia: Tarik Saleh. Aktoreak: Tawfeek Barhom, Fares Fares, Mehdi Dehbi, Mohammed Bakri, Makram Khoury, Sherwan Haji. Suedia- Frantzia – Finlandia – Danimarka, 2022.

Istorioa: Adam, arrantzale baten semea, Kairoko (Egipto) Al-Azhar islam-ikasketen unibertsitate prestigiotsuan onartu dute. Islam sunitaren erreferente oso garrantzitsua da Al-Azhar. Erakundea zuzentzen duen imam nagusia bat-batean hilko da, eta haren ondorengoa izendatzeko prozesua abiatzen denean, Adam elite erlijiosoen eta politikoen arteko gatazkan bete-betean nahasiko da.

Zuzendaria: Egiptoko egoera politikoari lehenago ere erreparatu izan dio Salehk, Egipton sartzea debekatua duen egiptoar jatorriko zuzendari suediarrak. Gehienoi erabat arrotza egingo zaigun testuingurua erabili du, islam ikasketen unibertsitate batean kokatuta baitago istorioa. Nolanahi ere, erlijiosotik baino gehiago du politikotik thriller honek. Horregatik, ziurrenik (eta zuzendariak Egipton sartzeko duen debekuarengatik, jakina), ez dute Egipton grabatu. Iazko Canneseko Zinemaldian gidoi onenaren saria eskuratu zuen filma Egipton egitea arriskutsua izango litzatekeela aipatu izan du Salehk, ez erlijioaren ikuspegiagatik, politikoarengatik baizik.

Onena: Herrialdeko errealitatea nahiz islama ezagutzen ez duenarentzat ere botere erlijiosoaren eta politikoaren arteko borroka jasotzea, herrialdeko oreka hauskorra erakutsita, azpijokoz betetako jokalekuan. Egiptoko Estatuko estolderiaren kiratsa sumatzen diren uneak dira onenak, segur aski.

Txarrena: Islam sunitan girotutako Le nom de la rose (Jean-Jacques Annaud, 1986) modukoa balitz bezala aurkeztu dute leku askotan; Annauden film puska gogoan, ordea, gehiegitxo esatea da. Baditu une onak, baina baita aspergarriak ere.

Eñaut Mitxelena