Garaion Sorginguneak kultura, naturaren balioa eta gizarte ondarea uztartzen ditu, Uribarri Ganboako urtegiaren ondoan. Urte osoan, hamaika ekintza sustatzen eta hartzen ditu, begirada inguruko landa eremuan, Araban eta Euskal Herrian jarrita. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.

Uribarri Ganboatik gertu, Ozetako Otaza auzoan, Euskal Herriko sortzaileek ezagun duten txoko bat dago: Garaion Sorgingunea. “Landa eremuko kulturgunea” dela dio Amaia Gabilondok. Julia Lopez, Miren Beitia eta Alazne Goñirekin batera bultzatzen du Gabilondok proiektua. Kulturgune honetan, makina bat proiektu biltzen da, hiru ardatz nagusitan banatuta: sorkuntza gizarteratzea, naturarekin bat egiteko bideak aztertzea eta, azkenik, gizarte ondarearen balioespena. Hiru oinarriok modu askotan lotzen dira, aipatutako hiru lagunen nortasun ikurrek bustita: “Euskara, feminismoa eta harreman abegitsuak”.
Sorkuntza lanari dagokionez, edozein proiektuk ditu ateak irekita Garaionen, Gabilondoren hitzetan: “Antzerkia, zirkua, ipuin kontaketa, dantza, bertsolaritza, performancea, musika, izenik gabeko estiloak…”. Sortzaileek proposamena helarazten diete, labur: “Buruan zer darabilten ikusi behar dugu; ez dugu txosten luze-luzerik behar, baina bai zein asmo duten jakin”. Datak proposatu, eta Garaiongo kideek dena antolatzen dute. Eskaria handia izanez gero, irizpidea argi dago: “Euskara eta feminismoarekin lotutako emakume hasiberrien lanak lehenesten ditugu, berdin dio 20 edo 65 urte izan”.
Urtero, ehun artistak baino gehiagok erabiltzen dute Garaion. Zenbait egunez sorkuntza garatzeko lekua eskaintzen du: entsegu aretoa, ohatzeak, sukaldea… Berriki, Alicia Rechac eta Atic H. Deba artistak, Bilbon bizi direnak, han egon dira, baita Laura Penagos artista kolonbiar euskalduna eta Elias Martinez de Lezea ere. Les Bobe Bobe konpainiako kideek ere Garaionen findu dute (H)ondoko gela antzezlana: “Sortzaileon altxorra da, gure lana balioesten dakiten pertsonek kulturaren mesedetan eskainitako bultzada”, azaldu digu konpainiako kide Josune Velez de Mendizabalek. “Mundu paralelo batean egon zitekeen lekua da, eta amesten duguna egiteko aukera ematen digu” gaineratu du Ane Gebarak, Les Bobe Boberen beste hanketako batek.
Sorkuntzara bideratutako sei gune dituzte. Antzokiak, lehen lastategia zenak, 270 metro koadro ditu, eta 180 ikusle har ditzake. Ondoan, ipar gela dago, 100 metro koadrorekin, non “60 ikuslerentzako ikuskizun txikiak egin ditugun”. Lastategiaren ondoan, dorretxean, askotariko erabilerak dituzten hiru gela daude, 50 metro koadro ingurukoak. Azkenik, inguruan, 4.500 metro koadroko zelaiak dituzte.
Natura eta pertsonak
Sorkuntza beste alor batzuetara eramaten dute, beste ardatz batzuekin elkartuta. Hasieratik, gizarte ondarearekin eta naturarekin bat egiteko bideari helduta, otarregintzan murgildu ziren. Gero, zumea lantzen eta eraikuntza bizidunak egiten hasi ziren. Garaionen bertan, hainbat adibide daude, urtaroaren arabera aldatzen diren zumezko pergola eta labirintoak, kasu. Urte hauetan bereganatutako ezagutzak zabaltzen dituzte. Gasteizko hainbat eskola eta auzotan, zumez egindako eraikuntzak egiten lagundu dute, prozesu parte-hartzaileetan.
Emakumeek natur elementuekin (artilea, lihoa…) egiten dituzten lanak ikertu dituzte. “Oso garrantzitsua da onartzea gure ondarean badagoela berreskuratzeko jakinduria: ofizioetan, bizimoduetan…”. Ondare hori beraiek antolatutako lantegi eta topaketetan ikertzen dute, edota kanpora jotzen dute prestakuntza jasotzera. Gertuko ingurunearekiko harremana sendotzen lagundu die, eta horrek proiektua babesten lagundu du.
Izan ere, proiektua Ozetako hainbat amonari esker sustraitu dela nabarmendu du Gabilondok. “Hasieran, herritar batzuek urrun ikusten gintuzten, baina Ozetako amona horiek aurreiritziak deuseztatu zituzten; ez dakigu nola eskertu”. Gazteekin ere gertuko harremana dute. Urte askoan, inguruko haurrak bertara joan izan dira udalekuetara. Bada, duela hamalau urte bertan izandako ume horietako batzuk begiraleak dira orain. Elkartea sortu, eta iaz antolatu zituzten udalekuak lehenengoz.
Gizarte ondarea zaintzeko prozesuan, inguruko herriekin harremanak sortu dituzte, eta etorkizunean are gehiago estutzeko asmoa dute. Horren adibide argia, Garaionen egindako azken hobekuntza lanak aurkezteko modua. Inguruko adintsuekin harremanetan jarri, autobusean jaso, lanak erakutsi, eta magia erakustaldia eta askaria eskaini zizkieten. “COVID19a agertu zenetik, ez gara haiekin bildu, eta haien oniritziak ematen dio benetako solemnitatea gure guneari”.

URTEETAKO BIDE GORABEHERATSUA
Garaionen hastapenak aurkitzeko, 1994ra jo behar da. Garai hartan, gunea Txatxilipurdi Elkarteari utzi zioten, euskara gazteen artean sustatzeko proiektua abiatzeko. 2006an, gaur egun dena zehazten hasi ziren, baina irudikatu zuten proiektu handia bertan behera geratu zen, 2008ko krisiaren ondorioz. Hala ere, ateak zabaldu zituzten; harrezkero, han-hemenka lortutako laguntzei eta auzolanari esker, proiektuari eutsi diote eta, gainera, hedatu egin dute, egun dena bilakatuta.