Aitor Gorospe (Agurain, 1969) mendizaleak duela bospasei urte berreskuratu zuen Aguraingo fraideek antzina Haranako bailarara igotzeko erabiltzen zuten bidezidorra. Horrekin aski ez eta ibilbidean zehar euskal mitologiako pertsonaiak irudikatzen dituzten taillak ezarri eta ezarri ari da ordutik, gero eta ikusmira handiagoa eragiten dutenak. Bisitarien kopurua hazi egin da, eta orain pertsonaien gaineko informazioa txertatzen dihardu, eskuz zein QR kodeak gehituta. Amaia Gartzia Payo. Argazkia: Amaia Gartzia Payo.

Mendian barna orduak ematen ditu Aitor Gorospek, ia etxean baino gehiago. Naturarekiko grina asetzeko bidean, garai batean Aguraingo fraide klaretarrek ondoko ibarrera joateko erabiltzen zuten bidexka ahaztua berreskuratu du, bere kasa: “Hiru urte eman nituen garbiketa eta atontze lanak egiten”.
Ibilbide bat izan zitekeenaren zantzuak ikusi, eta inguruko herritarrei informazioa eskatu zien. Izan ere, Aguraingo eta haren ergoienetako (inguruko herrixkak) pertsona adinduekin solastatzea ere zaletasuna du. Ibilbidea San Juan mendatearen hasieraren ondoan dago, Egileor herrixkan (Arabako Lautada). Aditu bati esker bertako mapa zaharrak eskuratuta eta zuzen zebilela konturatuta, buru-belarri ekin zien berreskuratze lanei, ia inori ezer esan gabe: “Erakundeen utzikeria ikusita, ni neu hasi nintzen”.
Aguraingo Udalean garbiketa baimenak eskatu zituen, bai eta “zer edo zer” ezartzeko eskabidea aurkeztu ere. Bertako basozainak argibideak eman zizkion, zer moztu zezakeen eta zer ez azalduta. Halere, berreskuratze lan horiek ez dira errazak izan: behin, motozerra batekin ia hanka erdia moztu zuenekoa gogoan du. “Horren ondotik, eskuz hasi nintzen lanean, baina lan eskerga izan da”. Hiru urteren buruan, bertako historiaren parte den zortzi kilometroko ibilbidea berreskuratu du.
Sormen handiko pertsona izaki, txikitatik liluratu izan duten euskal mitologiako pertsonaiak irudikatzeko taillak jartzen hasi zen: Tartalo, Basajaun, Galtzagorriak, Mari, Sugaar, Lezaoko Amilamia, Zokorra sorgina... Azkeneko biak Aguraingo mitologiako tokiko pertsonaiak dira. Basa animaliak ere paratu ditu: azeriak, basurdeak, mirotzak, hontzak...
Natura ahalik eta gehien errespetatuta egiten eta kokatzen ditu: “Topatzen ditudan hildako animalien hezurrekin eta egur zatiekin egiten ditut. Ingurunea ahalik eta gehien zaintzen saiatzen naiz, eta erabiltzen dudan berniza ekologikoa da”. Izan ere, pertsonaiak margotu eta jantzi ere egiten ditu, berak jositako arropekin.
Bada, ordea, halakoak mendian ezartzea gogoko ez duenik, eta ez dira gutxi jarri eta handik hilabete batzuetara desagertzen diren pertsonaiak, jendeak etxera eraman edota tokian bertan puskatzen dituelako.
Dena den, galera horiek ez dute Gorospe kikildu, eta pertsonaia berriak eratzeko zein apurtutakoak berrezartzeko lanean jarraitzen du: “Batzuetan, hezurrak ditut eta pertsonaiarik ez, eta, beste batzuetan, pertsonaiak ditut eta hezurrik ez”.
Inguru ahaztu hori gero eta jende gehiagok ezagutzea lortu du. Gorospek dioenez, “jende andana ari da etortzen, maiz joaten naiz hara eta pertsona ugarirekin egiten dut topo, baita albisteen harira ezagutu nauten norbanakoekin ere. Ikastetxeren batek ere txangoa antolatu du”. Ez dira ingurukoak bakarrik hurbiltzen, beste eskualde batzuetako bisitariak zein atzerritarrak ere bai. “Behin, bi txiletarrekin elkartu nintzen, Gasteizko lagun batek erakutsi zien bidezidorra eta txundituta geratu ziren” dio. Beste batean, berriz, basoan bizi den ermitaua zela uste zuen talde batekin: “Ez, Agurainen bizi naiz eta sakelakoa daukat” argitu zien barrez.
Bere blogerako sarrerek (http://agurainkulebras.blogspot.com/) baieztatzen dute bisitari mordoa duela , baita Wikiloc eta Mendikat aplikazioetako datuek ere, non track-a jasota dagoen.
Zalantzarik gabe, bolo-bolo dabil azken urtebetean Fraideen Xendra, eta idazleren bat ere jarri da harremanetan Gorosperekin, bide horri buruzko informazioa jasotzeko helburuarekin, egia baita Euskal Herrian ez dagoela horrelako ibilbide gehiagorik.

INFORMAZIO PANELAK
Mitologiaren inguruan ezjakintasuna nabaritu du Gorospek: “Ezagunenak alde batera utzita, jendeak askotan ez ditu pertsonaiak ezagutzen, eta amorrua ematen dit”. Horri ere konponbidea jarri nahi izan dio. Nola? Bada, QR kodeen bidez. “Alabak eman zidan ideia. Halakoak zituen ibilbide bat egin genuen, Asturiasen, eta gauza bera egin behar nuela esan zidan”.
Lan handia zetorkiola jakin arren, azken hilabeteak horretan eman ditu, pertsonaia bakoitzaren gaineko oinarrizko informazioa eskuz idazten. Horrez gain, kodean bere blogerako lotura ezarri du. “Pertsonaiari buruzko informazio gehiago gehitu dut, baita sortze prozesuaren irudiak ere” azaldu du. Oraingoz, bakarrarekin egin du, Tartalorekin, hain zuzen.
Informazio panelak egiteko, egurrak bildu eta lehortu egiten ditu. Pertsonaia gehiago eransteko asmoa ere badu, Inguma, kasu: “Ingumarekin sei hilabete daramatzat lanean, baina ez nau konbentzitzen. Kontua da pertsonaia hauen gaineko informazioa badugula, baina Tartalo izan ezik, gainerakoak fisikoki nolakoak diren ez dakigu benetan”.