Gizakiak baino sei aldiz gehiago. Hau da, 50.000 milioi. Horixe da munduan bizi diren hegazti basatien kopurua, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko (Australia) ikertzaile talde batek egindako ikerketaren arabera. PNAS (Proceedings of the National Academy of Sciences) aldizkarian argitaratutako azterketan diotenez, 9.700 hegazti espezie daude munduan. Hori bai, lau espeziek bakarrik dituzte 1.000 milioi ale baino gehiago. Ugarienetatik hasita: txolarre arruntak (Passer domesticus), arabazozo pikartak (Sturnus vulgaris), Delawareko kaioak (Larus delawarensis) eta enara arruntak (Hirundo rustica). Nolanahi ere, espezie asko oso arraroak direla zehaztu dute, eta 1.180 espeziek 5.000 ale baino gutxiago dituztela. Ikertzaileek Big Data baliatu dute kalkulua egiteko: herritarren behaketen datuak eta zenbait algoritmo oinarri, emaitzak egiaztatzeko beste hainbat azterketa hartu dituzte aintzat. Azkenik, lorturiko datuak estrapolatu egin dituzte. Herritarren behaketen garrantzia nabarmendu arren, akatsak ere egon daitezkeela aitortu dute egileek. Halere, azken emaitzan eragin handirik ez duela diote, behaketa okerrak espezie oso berezi eta urriekin gertatu ohi direlako. Hegaztien ugaritasuna kuantifikatzea urrats garrantzitsua omen da ondoren haien kontserbazioan eragiteko. Gainera, zenbaketa modua beste espezieekin ere erabil daitekeela uste dute ikertzaileek.