Badon* opera garaikidearen nondik norakoak aurkeztu dituzte egitasmoaren sortzaileek eta Korrikak. AEK-k aurreko edizioan aurreratu bezala, 23. Korrikak ekarriko duen berritasunetako bat kultur lan baten ekoizpena izango da, Korrika Kulturalaren barruan eskaintzeko. Hain zuzen ere, Badon* egitasmoak lortu zuen Kultur Sorkuntzarako I. Beka. Lanaren sustatzaile Ines Osinaga Urizarrek azaldu duenez, opera “garaikide” hau “hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu” baten emaitza da, “sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituena”. Formatuari dagokionez, operaren egitura “hackeagarria” da, “etorkizun desiragarri bateko opera posdramatikoa”. Halaber, dramaturgiaz gain, baliabide bisualek (argia, bideoa), zuzeneko musikak (organikoa eta elektroakustikoa) eta mugimenduak, literaturak eta bertsoek lagunduko dute Badon* unibertsoa sortzen. Euskal Herri osoan zehar ikusi ahal izango da azarotik aurrera, 23. Korrika aurkeztu eta gutxira. Ane Elordi Alburquerque Korrika koordinatzaileak azaldu duenez, “Korrikak euskal kulturaren sustapena ere badu helburu, betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz”. Hala, “Badon* ekimenari esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahal izango dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez”.
Bestalde, Elordik jakinarazi du Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia abian dela dagoeneko. Oinarriek diotenez, parte hartzeko dokumentazioa 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko da, beranduenez. Euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra jorra dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.