Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hizkuntz eskubideen egoeraren gaineko urteroko txostena aurkeztu berri du. Bertan jaso duenez, 2022an 1.071 kasu jaso zituzten: gehienak, 974, kexak; zorion mezuak, 54; eta beste 41, kontsulta edota iradokizunak. Kexa gehienak administrazioekin lotutakoak izan ziren, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin. Dena den, sektore pribatuan ere hizkuntz eskubideek atzera egin dutela nabarmendu du txostenak. Behatokiaren zuzendari Agurne Gaubekaren esanetan, interes orokorreko zerbitzuetan ere ez dira hizkuntz eskubideak errespetatzen, nahiz eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legeak betebeharrak ezartzen dituen. Zerbitzu horiek dira, besteren artean, energia hornitzaileak, telekomunikazio enpresak, eta finantza eta aseguru etxeak. Egoera ikusita, hizkuntza eskubideen lege babesa handitzeko eskatu du Behatokiak.