Zuzendaria: François Ozon. Gidoia: François Ozon eta Philippe Piazzo (Georges Berr eta Louis Verneuil-en antzezlan batean oinarrituta). Aktoreak: Nadia Tereszkiewicz, Rebecca Marder, Isabelle Huppert, Edouard Sulpice, Dany Boon, Fabrice Luchini. Frantzia, 2023.

Istorioa: Paris, 1935. Ekoizle famatu bat tiroz hil dute bere etxean. Susmagarri nagusia Madeleine aktore gazte eta pobrea da, eta epaitu egingo dute. Pauline haren pisukide eta laguna da, langabe dagoen abokatua, eta bere laguntzarekin Madeleine absolbitu egingo dute. Famatua egingo da Madeleine, baina egia jarraika izango du...

Zuzendaria: Frantziako zuzendari ezagun eta garrantzitsuenetakoa da Ozon, baita emankorrenetakoa ere. Ugariak ez ezik, askotarikoak izan ohi dira haren lanak. Oraingoan, komediara itzuli, eta antzerki tankerako filma ondu du (berez, 1934. urteko antzezlan bat du oinarri), bere beste zenbait komedia gogora ekartzen duena, 8 Femmes, kasu.

Onena: 8 Femmes bezala, Mon crime dibertigarria da. Elkarrizketa jori, azkar eta bihurriak, pertsonaia xelebre bezain barregarriak... Jostari dabil Ozon, eta halaxe eramango gaitu film osoan zehar, aspertzeko tarterik uzten ez duen dibertimenduan. Komedia arinaren zantzua hartzen zaio, baina arintasunaren azpian bada gehiagorik. Urrezko Hollywoodeko komedia mota batzuk gogora ekartzen baditu ere, gaurkotasun handiko gaiak jorratzen ditu, umoretsu eta zorrotz: patriarkatuaren aurkako borroka, famaren eragina eta indarra, zabor kazetaritza, indar erreakzionarioak... Bestalde, zuzendaria jostari dabilela aipatuta, aktore talde ezagun eta apartari buruz ere antzekoa esan behar: beren rolak jokatuz izugarri ongi pasa dutela dirudi, nabarmen.

Txarrena: Parodiaren lurretan ibilita, parodikoak beharko luketen egoera eta pertsonaia askok erakusten duten gaurkotasunak bertigoa eragiten du.

Eñaut Mitxelena