Bavierako lehen ministro Markus Söder-ek eta Municheko alkate Dieter Reiter-ek iragarri dute Oktoberfesten aurtengo edizioa ere bertan behera geratuko dela, pandemiaren eraginez. Arrazoiak, hainbat: erabakia atzeratzeak diru galera handiagoak eragingo ditu; ziurtasun barik antolatzeak Oktoberfest marka ezaguna kalte lezake; musukoaren erabilerak eta distantziak errespetatu beharrak kaosa sor dezakete… Berriak ez du harridura handirik eragin. Bai, ordea, Dubaiko (Arabiar Emirerri Batuak) enpresari talde bat prestatzen ari ei den egitasmoak: Oktoberfest jaialdia Dubain antolatu nahi dute, urrian hasiko den Nazioarteko Erakusketaren baitan. Oraindik ez dago baieztapen ofizialik, baina jaialdiak sei hilabete iraungo luke (Bavierakoa bi astekoa izaten da) eta gutxienez bi marka hautsiko lirateke bertan: garagardo pitxar handiena eta garagardo barra luzeena. Egitasmoa ez dute begi onez ikusi Alemanian: antolatzaileek adierazi dute “munduan Oktoberfest bakarra Munichekoa” dela eta “Dubaiko asmoa gauzatzeko oniritzirik ez” dutela emango. Basamortuan gustura edango da garagardoa, baina...