Otsailean Tortolaraino bideoklipa aurkeztu zuenetik, Haize-Arrosa taldea ez da gelditu. Berrizen sortu zen, iaz, eskarmentu handiko musikariak tartean zirela; Ene Bada taldeko batzuk, kasu. Ongi hausnartutako erritmoekin datoz, era askotako estiloei helduta: folk-rocka, irish-folk-rocka, pop-rocka, country-rocka, elektro-pop-trikia, world-fusiona, balada, flamenkoa, mexa, fandangoa, a capella... Uda alaitzeko asmoz dabiltza orain, eta Erika Lagomaren kolaborazioa ere iragarri dute sare sozialetan. Oraingoz, kontzertu hauek dituzte lotuta: uztailean, Eskoriatzan 1ean eta Zaldibarren 6an; abuztuan, Donostian 8an eta Larrabetzun 18an. Taldea Eneritz Gorritxategi Larizek, Edurtzeta Ania Albizbeaskoetxeak, Markos Murillo Gilek, David Vallejo Canterok eta Peio Agirre Gimenezek osatzen dute.

DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA prest da abuztuaren 3an abiatzeko. Irailera bitartean, musika eta dantza egitarau zabala eskainiko du. Besteak beste, Mahlerren 8. Sinfonia, Stravinskyren Oedipus Rex oratorio erdi antzeztuaren bertsio bat, Ballet Preljocaj-en Beltxargen aintzira obraren bertsio modernoa... Gainera, Euskal Barrokensemblek antzinako musika herrikoiak batzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du, Fallaren El amor brujo oinarri; eta Landarbaso abesbatzak, Nora? haurrentzako opera.

TATXERS
Tatxers

TAE Records/Flexidiscos, 2023

 Taldearen lehen disko luzea kaleratu dute Martin Zirizak (gitarra, ahotsa), Jon Salinasek (baxua, ahotsa) eta Iñigo Soriak (bateria). Berako Atala estudioan grabatu dituzte lana osatzen duten hamaika abestiak, melodia zainduak, pop, oi! eta punk estiloen artean, Iñigo Irazoki teknikariarekin. Lore sorta baten moduan irudikatu dute albuma Julen Alberdik eta Andoni de la Cruzek diseinatutako azalean.

 


TRAGANARRU
Rukula

Egilea editore, 2023

Zortzi abesti instrumentalez osatua dator talde gipuzkoarraren hirugarren diskoa, ohi duen moduan hitzik eta ahotsik gabe. Andoaingo Garate estudioan grabatu dute, baina aurretik beste era bateko prozesua izan du lan berriak, pandemiaren eraginez, bakoitzak pieza etxean sortu eta ondoren partekatuz egin dutelako. Traganarru baten modukoa da lana, indar eta intentsitate handiko rock dantzagarria.