Euskara eskolak Irunberrin jasotzen dituen Zangozako AEK-ko taldea inguruko despopulazioari buruzko podcasta egiten ibili da aurten. Egitasmoak hiru zati ditu. Lehenengoan despopulazioa zer den azalduta, inguruneko datuen bilketa egin zuten bigarren atalerako. Bi testuak denen artean idatzi eta, grabatzean, ahoskera eta intonazioa landu zituzten. Hirugarren kapitulurako, berriz, gaiarekin lotutako zazpi elkarrizketa egin dituzte, Irunberri, Arteda, Usun, Uztarroze, Nardoze Andurra eta Orontzeko protagonistekin, profil ezberdinak bilatuta: kanpotik Irunberrira bizitzera etorritakoa; bizitzera hirira joan, han urte luzez egon eta herrira itzulitakoa; herri despopulatu bateko biztanlea... Espero ez zituzten erantzunak eta iritzi ezberdinak jaso omen dituzte, eta orain hirugarren grabazioa egitea falta zaie podcasta osatzeko, elkarrizketa horietako zati batzuk aukeratuta. Ikasleek datorren ikasturtean AEKn jarraitzeko asmo dutenez, ziurrenik orduan burutuko dute egitasmoa. Orain artekoarekin, behintzat, pozik dira guztiak, asko ikasteaz gain B1 eta B2 mailetan gauzak euskaraz sortzeko gaitasuna dutela egiaztatu dutelako. Bejondeiela!