Herri mugimenduak batuko ditu, hirugarren urtez, Iraultza Txikien Akanpadak. Uztailaren 19tik 23ra egingo dute, Izarran (Araba). Herri mugimenduen eta haietan dabiltzanen topagunea izango da, “Euskal Herriko borroka ezberdinen plaza”. Hain zuzen, Euskal Herriko gizarte mugimenduak elkartzea eta haien arteko loturak bultzatzea du helburu. Izarrako Ostuño parkean egingo da kanpaldia, eta hiru egunez egitarau zabala izango du. Batetik, hainbat gai jorratuko dituzte hitzaldi eta mahai-inguruetan, denak ere herri mugimenduen jardunari lotuak: ekologismoa, etxebizitza, transfeminismoa, euskara, eraso sexistak, faxismoaren aurkako borroka... Alta, aisialdiari eta kulturari ere lekua egingo zaie, kontzertu, emanaldi musikatu eta antzeko ekitaldietan. Haurrentzako jarduerak ere izango dira hiru egunetan, baita Herri Mugimenduen Azoka izenekoa ere. Kanpaldiaren nondik norako guztiak https://ita.eus/ webgunean ezagut daitezke.