“2155. urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira euskararekiko mirespenak itsututa. Beraien espazio-ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke. Beraien helburua argia da: euskara hartu eta beraien bizilekura eraman...”. Euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa argitu beharko dute Euskal Alien Nazioa ihes gelan parte hartzen dutenek. Tarte batez itxita eduki ostean, bisitarien artean oso harrera ona izan zuenez, ekainaren 5ean zabaldu zuten berriro Bilboko Euskararen Etxeko ihes gela, berrituta. Jakina, 2021ean zabaldu zutenean bezala, euskara hutsean da. Talde jokoa da (gutxienez bi lagun eta gehienez sei), eta hamabost urtetik gorakoek parte har dezakete. Doakoa izan arren, erreserba egin behar da Euskararen Etxearen webguneko (https://euskararenetxea.eus/eu/) Erreserbak atalean. Eta ez ahaztu ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldeetan izaten direla saioak.