Unibertsoan dabiltza, dagoeneko, Su eta Gar. Izan ere, Nazioarteko Astronomia Batasunak (IAU) onartu egin du Gliese 486 izarrari Gar izena jartzea, eta haren inguruko Gliese 486b exoplanetari, Su. 2022. urtearen bukaeran IAUk egindako deialdiari esker ditugu Su eta Gar zeruan. IAUk erabakitzen du Eguzki sistematik kanpo aurkitzen diren planetei zer izen jarri, lehiaketa bidez. Iazko urte amaieran, James Webb espazio teleskopioak behatutako hogei izar-planeta sistema izendatzeko deialdia zabaldu zuen, eta hizkuntza gutxituei lehentasuna ematea erabaki. Gliese 486ren eta Gliese 486b-ren ezaugarriak kontuan hartuta (biak oso beroak dira), Euskal Herriko Unibertsitateko Planeta Zientzietako taldeak Su eta Gar izenak proposatu zituen. Proposamenak hautaketa fase guztiak gainditu dituenez, onespena iritsi da.