Seguruenik, ez zara Barakaldokoa. Estatistikoki, aukera asko dago “paro obrero”-rik ere ez jasotzeko, eta lepoa egingo nuke astean bizpahiru aldiz pasatzen zarela euskaltegitik, egunero baino. Baina, aizu: euskara ikasten hasteko edo jarraitzeko erabakia hartu duzu, eta badakizu zer? Ederto irabazita daukazula inguruko guztion esker ona. Mila esker, bihotzez, euskara etxetik, natural, jaso dutenen zein duela urtetxo batzuk zure bide bera egin genuenon partetik. Eutsi horri! Eta barkatu, mesedez, zuk baino apurtxo bat gehiago dakigunok errazegi galtzen badugu pazientzia bidean zatoztenokin. Animo! Aldaparen bukaeran, ikuspegi eder-ederra topatuko duzu, benetan!
Ikasturte hasieran gauden honetan, beharbada ondo etorriko zaizkizu han-hemenka topa ditzakezun hainbat tresna eta baliabide. Euskara ondo ikasteko, beste edozein hizkuntzarekin gertatzen den bezala, funtsezkoa da ikasgelatik kanpo zure kabuz egin dezakezun lana. Bueno, eta lanaz gain, egunez egun ikasten zoazenarekin gozatzea eta, ahal den neurrian, ondo pasatzea. Ikus-entzunezkoak, liburuak, komikiak, hedabideak... edozein aitzakia da ona euskarara alde dibertigarri eta afektibotik hurbiltzeko eta, pixkanaka-pixkanaka, zeureagoa egiteko.
Egia esan, garai ona egokitu zaizu alde horretatik begiratuta: Interneten, sare sozialen eta abarren hedapenarekin, inoiz baino euskarazko eduki gehiago sortzen da gaur egun, eta inoiz baino errazago eskura daitezke. Egia da: erdarazkoa errazago topatzen da, bilatu gabe ere zugana etortzen da. Baina, tira, ahalegin txikia eginda berehala topatuko dituzu gustuko gauzak... zure zaletasunak edonolakoak izanda ere!
Bideojokoak, gastronomia, telesailak, zinema, literatura, animaliak, teknologia... Interneten era guztietako edukia topa dezakezu euskaraz. Pentsa! Fedibertsoko tresnei esker, euskara hutsean funtzionatzen duten sare sozial osoak ere baditugu! Eta, denbora pasa hutsetik at, online hiztegiak, itzultzaile adimendun txukun askoak eta beste makina bat tresna daukazu eskura. Animo! Laster egingo dizugu lekutxoa euskal komunitatean!

LOTURAK

https://labur.eus/aektresnak
Urrutiago joan gabe, AEKren blogean bertan baliabideen gida bat topatuko duzu, hiru ataletan banatua: ikasteko, praktikatzeko eta familian jarduteko tresnak.

https://zernonikusi.eus
Interneteko plataformetan ikus ditzakezun euskarazko ikus-entzunezkoen katalogo zabal samarra. Pelikulak eta telesailak bai, baina youtuber-ak eta influencer-ak ere bai!

https://mastodon.eus
Euskarazko sare sozial federatua, Twitterren antzekoa, baina irekia, euskaraz eta euskaratik sortua.