Intza Alkain
Aktorea

Uda lanpetua izan du Alkainek (Lasarte-Oria, 1995), Kanpora sartzen antzezlanaren emanaldiak ez ezik, Baginaren bakarrizketak lanaren berrestreinaldia ere izan baitu, biak ere Txalo konpainiarekin. Edurne Azkaraterekin eta Mikel Ibargurenekin sortutako Formol Laborategian, Album lana eskaintzen ibili ostean, atseden hartzen ari dira orain. Haur Hezkuntza ikasia eta Haur eta Gazte Literaturan espezializatua, gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzen ere badabil Galtzagorri elkartean. Eñaut Mitxelena.

Baginaren bakarrizketak 2011n taularatu zen estreinakoz. Ikusia zenuen?
Bai. Oso gaztetxoa nintzen, ez dut erabat argi gogoratzen, baina disfrutatu nuelako oroitzapena daukat.

Baginek esaten dutenak jende asko asaldatzen du oraindik ere?
Lanak baditu urte batzuk, eta itzuli zenetik asko aldatu da kontua. Adibidez, gero eta gehiago hitz egiten da gure plazeraz eta. Berrikusketa egitea baliagarria da konturatzeko tarte gutxian zenbat aldatu diren gure ezagutza eta gure ikuskera baginarekiko, genitalekiko edo bagina duten pertsonekiko. Edo zenbat identitate dauden ikusteko: lehen, identitate beraren barruan sailkatzen ginen pertsonok, baina gaur egun sailkapen hori asko zabaldu da.

Kanpora sartzen-en, seropositibo baten bizipenak dituzue hizpide. Bi lanek parekotasunak dituzte: gai zailak, errealitate isilduak...
Bai, hala da bi istorioetan: tabutzat jo izan den gai bat argitara ateratzen da, betiere esperientzia pertsonaletan oinarrituta. Pertsonala, askotan, unibertsala ere izaten da; eta nik uste ikuslea istorioak barruan daukanarekin identifikatzen dela, isilpean egon dena azaleratzearekin.

Tabuak apurtzeko eta besteen azalean jartzeko, bada antzerkia baino tresna hoberik?
Azken batean, antzerkia gertaera bat da. Adibidez, literaturan, istorio bat irakurri eta protagonistarekin identifika zaitezke. Antzerkian, ordea, toki eta une berean bizi duzu istorioa. Sortzen diren zirrarak, transmisioak eta konexioak sentsazio hori anplifikatzen dute. Hau da, bestearen azalean jarrita esperientzia hori partekatzen da. Eta kolektiboki, gainera. Hori du antzerkiak: kolektiboa ere bada, istorioa jendearekin partekatzen duzu. Hala, esperientziak jasotzeko esparru itzela bihurtzen da.

Bi lanetan, gai serioak, baina umoreak lagunduta. Begirada zorrozteko tresna egokia, umorea?
Umoreak hainbat erabilera dauzka, eta bi kasu hauetan norbere buruaz barre egiten da. Norbere buruari barre egitean, gardena bihurtu eta umorearen bitartez erakusten dizut nire egoera, eta ni nire begiradatik ikusten uzten dizut. Bada pixka bat askatzailea. Beste kasu batzuetan, aldiz, distantzia tresna izugarria da. Distantzia hartzen duzunean, gauzak era kritikoan ere azter ditzakezu, jada ez dagoelako inplikazio emozionalik. Umorea izugarrizko tresna da hainbat gauzatarako.
Eskuinaren eta ultraeskuinaren eskutik zentsura areagotzen ari da. Antzerkia, inoiz baino beharrezkoagoa?
Badirudi atzera goazela. Eta bai, ezinbestekoa da. Antzerkiak esperientzia kolektiboa eskaintzen du. Hortaz, antzezlan bat zentsuratzen denean, ez da obra bera bakarrik zentsuratzen; gertaera bera zentsuratzen da, sortzen den eremu kolektibo hori.
Formolekin, gazteak antzerkira erakartzea duzue helburuetako bat. Galtzagorrin, haurrak irakurtzera zaletzen saiatzen zara. Erronka zailen zalea zara?
Halaxe dirudi! Tira, beharra ikusten dudan tokian edo aritzen naiz. Antzerkiaren kasuan, hasieratik eduki genuen gazteak erakartzeko helburua, antzokietan publiko hori falta zela ikusten genuelako. Horretarako, gure gaiei buruz hitz egiteko beharra ikusi genuen, agian hori izan zitekeela jendea antzokira hurbiltzeko arrazoia. Literaturan, berdin. Erronka zaila da, baina hortxe gabiltza!
Haurrak irakurtzera zaletzea zaila al da?
Ezetz esango nuke. Irakurzaletasunari kristoren garrantzia ematen ari zaio azkenaldian: haurrek eta gazteek ez dutela irakurtzen... beti egon izan da kezka hori. Beharbada, ez da askok egiten duten zerbait, baina haur eta gazte irakurzaleak egon badaude. Eskoletan eta, irakurketa asko lotzen da kontu akademikoekin, betebeharrarekin, eta hor gozamen handirik ez dago. Beraz, beste erronka bat da pisu hori kentzea eta gazte eta haurrei, bereziki gazteei, gozamenezko irakurketarako esparrua eskaintzea, literaturaz badagoela gozatzea ohar daitezen. Horrelako eremuak sortzea beharrezkoa da.

Di-da batean

Zerk alaitzen dizu eguna? Goizeko txokolate ontzak.
Eta tristatu? Txokolatea bukatu egin dela ikusteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Beste norbait barrez ikusteak.
Eta negarra? Beste norbait negarrez ikusteak.
Zerk harritzen zaitu? Denak. Kalera ateratzeak eta gauzak nola dauden ikusteak, horrek harritzen nau.
Bizio bat: YouTube.
Plazer txiki bat: Eguzkitan jartzea.
Sekulako plazer bat: Egun gogor baten ostean etxera iritsitakoan zapatak kentzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Tindategiko langilea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Bulegaria.
Antzezlan bat: Platea, Tripak kolektiboarena.
Antzezle bat: Edurne Azkarate.
Egile bat: Aida Gonzalez.
Haur bati oparitzeko liburu bat: Asko dauzkat, baina Mau iz io?, Carson Ellis-ena.