Osatu berri den Espainiako Kongresuko Mahaia eratzerakoan, hizkuntza gutxituak agertu dira mahai gainean. Zuzeneko bi ondorio izan dituzte ERC eta JxC alderdi katalanek PSOErekin izandako negoziaketek. Batetik, etorkizunean Espainiako Kongresuan euskara, galiziera eta katalana erabili ahal izatea. Bestetik, Espainiako jarduneko gobernuak hiru hizkuntzok Europako instituzioetan ofizial bihurtzeko eskatu izana Europako Batasunari. Irailaren 19an azter lezake gaia Europako Batzordeak. Ikusi egin beharko, halaber, zer esango duen Frantziako Gobernuak ere. Gurean, tentuz hartu dira mugimendu horiek, kontuan hartuta azkenaldian ugaritu egin direla euskararen aurkako erasoak. Kontseiluak, esaterako, “egun jasaten ari garen euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa” gogorarazi nahi izan du. Hain zuzen, horri aurre egiteko manifestazioa deitua dago azarorako. Europan uso, Euskal Herrian otso? Ea intxaurrak, bertaratutakoan, ez diren lau izaten.