Jai giroa bai, baina baita ondorio latzak ere: indarkeria, bortxaketak, masifikazioa... Egungo festen eredua aldatzeko beharra ikusi dute Baionako hainbat elkartek eta herritarrek. Hala, 2032 Kolektiboa sortu dute festei buruzko gogoeta egiteko. Besteak beste, kultura eta bizilagunak erdigunean jarriko dituzten festak nahiko lituzkete. Interneten ere abiatu da sinadura bilketa, Baionako Herriko Etxeari gaiari buruzko galdeketa eskatzeko. Egungo festa eredua aldatu beharra dagoela uste duzue?
Baionako AEK Gau Eskolako B2 maila

1. Mikel Arguiñarena Michelini
Gai honi buruz eztabaidatzea ez da erraza, iritzi eta interes kontrajarriak dauzkagulako. Hala ere, jende kopuruak muga guztiak gainditzen ditu eta, eredu hau berrikusi behar da. Masifikatuak izan arren, Baionako bestek herrikoi izateari uzten diotela irudi zait. Hemengo biztanle askok ihes egiten dute, eta kanpotik etorritako anitzek ez daukate ez hiriarekiko errespeturik, ez biztanlekilakorik. Hemengo erakundeek, Herriko Etxea barne, hegoaldeko hiri batzuek ekitaldiak nola antolatzen dituzten ikus lezaketela uste dut. Adibidez, Bilboko Konpartsen eredutik zenbait alderdi on inporta ditzakegu bestak hobeak izan daitezen: ez bakarrik erasoen eta indarkerien aurka borrokatzeko, baizik eta baionarrei jaietako maitasuna berpitz dakien.

2. Maritchu Etxeberri
Gaur egun, Baionako bestak sobera handitu dira eta jende gehiegi etortzen da herri guzietatik. Gero eta konplikatuagoa da antolaketa eta jarraipena ongi kudeatzea. Nire ustez, ez da gehiago plazera horra joatea. Honenbestez, urtero, hortik eskapatzen naiz.

3. Xabi Iriart
Galderari erantzuteko, ondoko bi hauei ihardetsi behar diegu: norentzat dira herriko pestak, eta zertarako? Denontzat izaten ahal dira, baina kanpotiarrak lekukoak baino 100 aldiz gehiago izanez gero, zer geldituko litzaieke hemengo bizilagunei eta kulturari? Oraingo eredua gurpil zoro bilakatu da: gero eta jende gehiago, orduan eta indarkeria gehiago gertatzen da; ondorioz, sekuritate gehiagoren beharra senditzen da. Eta gehiago dena, sartzeko prezioa beti gora! Eredua aldatzekoa da, noski. Patxa Plazako pesta alternatiboak eredutzat har ditzagun.