Nerabeek lehen sakelakoa edukitzeko adina atzeratzeko asmoz, ekimen indartsua osatzen ari dira Tolosan. Gurasoak, herriko hiru ikastetxeak (Herrikide ikastetxea, Laskorain ikastola eta Samaniego ikastetxea), Udala eta hainbat saltoki elkarlanean batu dira, eta ekimenak oihartzun ikaragarria izan du bai Euskal Herrian bai hemendik kanpo. Hausnarketa prozesua abiatu izanarekin konforme dira, eta, pixkanaka bada ere, lehen sakelakoa edukitzeko adina atzeratzea lortzen ari dira. Andoni Urbistondo. Argazkia: Pexels.

Altxa Burua! hausnarketarako taldea da. Hainbat gurasok sortu zuten Tolosan, beren seme-alabek sakelakoari begira denbora luzea ematen zutela jabetuta. Pantailari begiratzeari uzteko, “altxa burua!” esaten hasi ziren txantxetan, eta taldeari izena jartzerakoan bi hitz horiek hautatu zituzten. Arrakasta polita, edonork “altxa burua” entzun eta di-da jasotzen baitu burua.
Lierni Armendariz, Ixiar Arana eta Lurdes Oiarzabal elkarteko kideak dira, tolosarrak eta 10-13 urte arteko nerabeen gurasoak hirurak. “Gure haurrak DBHko 1. mailara iristear zirela ohartu ginen orduan hasten direla eskuko telefonoa eskatzen, 12 urterekin, alegia. Hainbat guraso ez geunden ados egoerarekin eta, Miren Ros Zarauzko Bidelagun elkarteko kidearen laguntzarekin, guraso eskolaren bitartez hasi ginen sakelakoa emateko une hori pixkanaka nola atzeratu aztertzen” dio Armendarizek.

Miren Ros eta Bidelagun elkartea ekimen honen aitzindariak dira. 2019az geroztik, herri askotako ikastetxeetako aholkulari profesional ari da Ros, gurasoei nola jokatu behar duten erakusten: “Egun, 40 ikastetxe edo herri baino gehiago ari dira sakelakoen arazoa nola landu eta kudeatu behar den aztertzen, eta kopuru hori gero eta handiagoa izango da”. Rosi bere jarduna zergatik hasi zuen galdetuta, hitz polita bota du: “Esperantza. Gurasoentzat, nerabeentzat, ikastolentzat… Jendartearentzat, azken finean”.
Tolosan, hainbat aholku jaso ondoren, diagnosia egin zuten eskolan: zenbat haurrek zuten sakelakoa, zenbatek ez… Oiarzabalen hitzetan, “Rosek taldearen indarra nabarmentzen du beti. Hau da, haurrak ez du sakelakoaren beharrik sumatzen, ondokoak ez baldin badauka”. Herriko hiru ikastetxeak elkartu, eta Udalera jo zutela azaldu du Aranak: “Han, hasieratik eman digute babesa: ekimena zabaltzeko, aretoak lortzeko, hitzaldiak antolatzeko…”. Herriko zenbait dendak jarri zuten hirugarren hanka. Izan ere, nerabeak, zernahi gertatuko balitz eta sakelakorik gabe baleude, saltokiotan sartzea eta gurasoei deitzea onartu zuten. ‘Gurea erabili dezakezu’ irakur daitekeen afixa gorria dute ekimenera batu diren dendek.
Eskoletan, konpromiso sinadurak antolatzen hasi ziren. Ikasleei, modu anonimoan, sakelakoa izateko eskaera hilabete batzuk atzeratzeko eskatu zieten, ordenagailu bidez. “Aurrena, hiru hilabetez; ondoren, Aste Santura arte… Bideotxo bat ere egin genuen Iker Galarzarekin eta haren taldearekin, Gure Zirkuarekin, hain zuzen ere. Oso didaktikoa zen, umeak hezten saiatzeko” dio Armendarizek. Bideoa han eta hemen zabaldu ostean sortu zen olatua ez da geratu oraino.
Oiarzabalen ahotan, “umeak babesteko nahia izan zen txinparta. Heltzen utzi behar diegula sentitzen genuen, sakelakoa eman aurretik. Hots, ume izaten utzi behar diegu, eta prestatuta daudenean sakelakoa eman. Gidabaimena eskuratzeko, 18 urte bete arte itxaron behar da, eta azterketa pare bat gainditu. Telefonoaren kasuan, guztiz kontrakoa da. Ematen diozu gailua umeari eta kudea dezala erabilera bere kabuz. 12 urterekin!”.
Autoritarismoa ez, autoritatea bai
Gurasoek ez dute lan errazik seme-alabekin, sakelakoa edukitzea nerabezaroko une kritikoa bihurtu baita. Autoritatearen eta autoritarismoaren artean aritu behar izan dira sarri, kulunkan.
Emozionalki, martetar samarrak sentitu omen dira: “Umeak bizkorrak dira, eta edozer gertatuz gero, sakelakorik ez dutenez, ezin izango dizutela abisatu esaten dizute. Estutzen iaioak dira” dio Armendarizek, baina une jakin batean, autoritatearen printzipioa indarrean jarri behar da: “Arau batzuk daudela eta bete egin behar direla azaltzen diezu seme-alabei. Ez dute ulertzen, noski, eta arauak betetzeko gogorik ez dutela botatzen dizute. Arauak berriro azaltzen dizkiezu eta, uneren batean,‘hauxe dago’ egoerara iristen zara. Haserretuko dira, frustrazioa sentituko dute, eta zigortzen ari zarela pentsatuko, baina heziketa prozesua da”.
Ekimenaren arrakasta sakelakoa lehen aldiz edukitzeko adinari erreparatuta neurtu beharko litzateke, baina Oiarzabalek ez dio garrantzirik eman nahi zenbakiari: “Ez da zenbaki kontua, baina ekimenak erantzun ona duela sumatzen dugu, umeek gero eta beranduago dutelako sakelakoa lehen aldiz. Herrikide ikastetxean DBHko 1. mailako ikasleen artean inkesta eginda, telefonorik gabeko ikasleen kopurua % 5etik % 25era hazi da ikasturte batetik bestera”.
Finean ekimena eragina izaten ari da. “Altxa Burua! taldeak ekimena abiatu aurretik, sakelakoa LHko 6. mailan jasotzen zuten ikasleek. Ekimena sortu ostean, berriz, DBHko 1. mailara atzeratzen hasi da”, aipatu du, esaterako, Laskorain ikastolako zuzendari Ainhoa Artolazabalek.

IRITSI EZINIK
Altxa Burua! taldearen ekimenak sekulako oihartzuna izan du komunikabideetan, eta taldeko kideak eskaera guztiei erantzun ezinik dabiltza. Armendarizek dioenez, “hitzaldiak ematen hasi ginenean eta, perretxikoak bezala hedatu zen gure ekimena: Ibarra, Hernani, Usurbil, Azkoitia-Azpeitia aldean…”. Herri askok laguntza eskatu zieten, eta komunikabideena demasa izan omen da: “Espainiako telebista kate askok deitu digute (La 1, La Sexta...) Euskal Herriko hedabideek, La Vanguardia eta Diario de Mallorca kazetek…”. Ekimena zabaltzea ona dela jakin arren, hainbeste deirekin goia jotzen hasiak omen dira.