Boiseko Jaialdiaren antolatzaileek Euskal Herriko eta diasporako euskal dantzari, musikari, bertsolari eta artistak gonbidatu dituzte 2025eko edizioan parte hartzera. Uztailaren 28tik abuztuaren 4ra ospatuko da, baina datorren abenduaren 1a baino lehen bidali behar da hautagaitza aurkezteko dokumentua (www.jaialdi.com atarian aurki daiteke). Antolatzaileek ez dute bidaia ordaintzen, baina bai janaria eta lotarako lekua, jaialdiak iraun bitartean. Boisekoa Euskal Herritik kanpo egiten den euskal kultur jaialdirik handiena da: sei egunean, 50.000 lagun baino gehiago biltzen ditu, eta erakusketak, musika emanaldiak eta kirolarekin, dantzarekin eta gastronomiarekin lotutako jarduera ugari egin ohi dira. Bost urtean behin antolatzen da, baina azken edizioa 2015ekoa izan zen, 2020koa bertan behera geratu zelako pandemiaren ondorioz.