Abenduaren 1ean estreinatuko dute, Gasteizko Principal Antzokian, Badon*, I. Korrika-AEK Bekaren lan irabazlea. Korrika Kulturaleko egitarauaren ardatza izango da opera garaikide eta postdramatikoa. Hausnarketa, ikerketa eta sorkuntza prozesu kolektibo baten emaitza da: “Geure burua birpentsatzeko eta berreraikitzeko ariketa, baina, batez ere, geure burua ospatzeko festa”. Nahasketa du muinean, bai sormen prozesuan bai oholtzan. Hala, diziplina ugaritako artista garaikideak batu ditu. Marina Suarez Ortiz de Zaratek zuzenduta, Ainara Gurrutxaga, Ines Osinaga, Xanti Agirrezabala eta Oihana Vesga izango ditu taula gainean. Estreinaldiaren ostean, esan bezala Korrika Kulturaren barruan ikusi ahal izango da: abenduaren 17an, Donostian; urtarrilaren 12an, Bilbon; 13an, Irunen; 18an, Iruñean; 21ean, Baionan; 28an, Donapaleun; otsailaren 3an, Tuteran; martxoaren 2an, Orbaizetan; 3an, Arrasaten; 7an, Hernanin; 9an, Altsasun; 10ean, Astigarragan; 15ean, Andoainen; eta 22an, Basaurin.

482mendifilm

Bilbo, mendiko zinemaren hiriburu

Abenduaren 8tik 17ra egingo da BBK Mendi Film Bizkaia nazioarteko mendiko zinemaldiaren 16. edizioa. Aurten, guztira, 15 herrialdetako 57 film eskainiko dituzte. Gehienak, 51, Sail Ofizialean lehiatuko dira. Beste lau, aldiz, lehiaz kanpo ikusi ahal izango dira, Zabalandi sailean. Batean zein bestean, izango da euskal ekoizpenik. Besteak beste, 212 Mountains, Konfiantza itsua, Leizeta, Noizko basoa, Zerbait aldatu da eta Udalatx, ura eta atxa. Era berean, Oinez pelikula estreinatuko dute, iaz Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso zuena. Ohi den moduan, erakusketak eta hitzaldiak ere izango dira, baita omenaldiak ere. Hala, batetik, Edurne Pasaban alpinistak WOP Mendi Film 2023 saria jasoko du. Bestetik, Eliza Kubarska alpinista eta zinemagileak, aurten IAMFren (International Alliance for Mountain Film) sari nagusia jaso duenak, bere ibilbidearen aitortza jasoko du. Egitarau zehatza nahiz emanaldietarako sarrerak mendifilmfestival.com gunean eskura daitezke.

482audiogile

EUSKARAZKO SOINU FIKZIOA sustatzeko, Audiogile Berriak egitasmoa jarri dute martxan EITBk eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Fikziozko audio-gidoi proiektuak aurkez daitezke egitasmoaren deialdira; hiru hautatu, garatu eta gidoi bilakatuko dituzte. Horretarako, Tabakaleran prestakuntza jaso eta egonaldia egingo dute aukeratutako hiru “audiogileek”, 2.000 euroko laguntza jasota. Ondoren, epaimahai batek onena aukeratuko du, EITBk ekoitzi eta zabaltzeko. Deialdian izena emateko epea urtarrilaren 8an amaituko da. Oinarri zehatzak tabakalera.eus eta eitb.eus atarietan daude ikusgai.

482elia

ELIA itzultzaile automatikoa Telegram aplikazioan integratu du Elhuyarrek. Elia baliatzeko, Telegrameko kontaktuetara gehitu behar da. Testuren bat itzuli nahi denean, Eliari bidali, eta itzulpenarekin erantzuten du berehala. Euskaratik gaztelaniara itzultzeko konfiguratua dago, baina hizkuntza gehiago hauta daitezke bai jatorrian bai itzulpenean: euskaraz eta gaztelaniaz gain, frantsesa, ingelesa, katalana eta frantsesa.

482piszifaktoria

HITZA, musika, dantza eta antzerki fisikoa baliatuta, gerra bat biziarazten du Piszifaktoria Ideien Laborategiaren azken lanak: Hau gerra bat da. Formatu berritzailea du, publikoak erabakitzen duenaren arabera modu batean edo bestean garatzen delako. Mikel Ayllonek zuzendua, Ayllonek berak, Irati Agirreazkuenagak, Iholdi Beristainek eta Igor Arzuagak osatzen dute lantaldea. Azaroaren 29an Bilboko Euskararen Etxean aurkeztu ostean, abenduaren 14an Azpeitian eskainiko dute, eta 26an, berriz, Laudion.

482antzerkia

CAFE BAR BILBAOK Tartean Teatroaren laguntzarekin antolatutako antzezlan laburren lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik dago oraindik, abenduaren 31ra arte. Aurtengoa 21. edizioa du, eta, ohi bezala, bi sari izango ditu: bata euskarazko obrarentzat eta bestea gaztelaniazkoarentzat, biak ere 750 eurokoak. Horrez gain, Tartean Teatroak lan sarituen irakurketa dramatizatua antolatuko du. Informazio gehiago, Cafe Bar Bilbaoren webgunean (http://bilbao-cafebar.com).

482esnearen

TANTTAKA KONPAINIAK Esnearen Kolorekoa antzezlana estreinatuko du, abenduaren 3an, Bilboko Arriaga Antzokian. XIX. mendeko Ingalaterrako nekazaritza giroan kokatutako istorioa da, eta Nell Leyshon idazle britainiarraren izenburu bereko eleberrian oinarritua dago. Aizpea Goenagak itzulia eta Fernando Bernuesek zuzendua, Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz ditu aktore.