Abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azoka fantasiaz beteko da. Duela 58 urteko antolatzaileen ametsa errealitate bihurtuta, gaur egun Azoka ezinbesteko hitzordua da euskal kulturaren egutegian. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak adierazi duenez, “euskal kulturari bultzada emateko asmoz, aurtengo Durangoko Azoka jendetsua eta aberatsa izatea da gure fantasia”. Ez alferrik, horixe baita 58. edizioaren leloa: Fantasia DA! M. Egimendi.

Fantasia da, Mujikaren esanetan, “sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen lan bakoitzaren istorioaren magia, jende alaiaren berbaroa, bizitzeko gogoa, kulturaren beroa”. Fantasiatzat har daiteke, halaber, pandemiaren eragina ahaztu eta azken hiru edizioetako online azoka alde batera utzi ahal izatea: aurten, aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egin du Gerediagak, online ereduaren leihoa itxita.
Ohiko guneak, ekitaldiz beteak
Azokara hurbiltzen den orok kultur eskaintza oparoa aurkituko du: 265 ekitaldi eta 170 partaide 257 erakusmahaitan. Eta, guztira, 950 nobedade: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen. Landako gunean egongo dira kultur uzta hori eskaintzen duten erakusmahaiak, baina kultur ekitaldiak ere ez dira faltako inguruko guneetan: Ahotsenea (liburu aurkezpenak, Bartolome Ertzilla Musika Eskolan; disko aurkezpenak, Plateruena Kutur Aterpean), Saguganbara (haur eta gurasoek euskarazko liburu, jolas eta musika ezagutzeko gunea), Kabi@ (euskarak mundu digitalean garatzen dituen egitasmoak, abenduaren 7ko Game Erauntsia barne), Talaia (euskalgintzako egitasmoen aurkezpenak eta mahai inguruak), Irudienea (euskarazko ikus-entzunezkoen emanaldiak, Zugaza zinema aretoan) eta Szenatokia (formatu txikiko arte eszenikoak euskaraz, San Agustin Kultur Gunean).
Horrenbesteko eskaintzaren aurrean, norberak aukeratu behar norberaren egitaraua. Horretarako onena, www.durangokoazoka.eus atarian zirkun-zarkun ibiltzea. Hor aurkituko ditugu Nøgen, Konpost, Joserra Senperena, Yogurinha Borova, Zatibi, Eider, Ithaka, Amorante, Haize-Arrosa, Modus Operandi... musika egileak. Idazleak ere bai: Jasone Osoro, Miren Agur Meabe, Luigi Anselmi, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Harkaitz Cano, Eneko Bidegain, Bernardo Atxaga... Kabi@ gunean, kasu, puri-purian dauden gaiak: nerabeentzako lehen sakelakoa, adimen artifiziala, errealitate birtuala... Talaia gunean, berriz, Irulegiko eskua, nerabeen osasun mentala, Berria egunkariaren 20. urtemuga...
Ikus-entzunezkoen alorrean ere zabala da eskaintza. Irudienean, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018–2023 filma, Kimuak-eko film laburrak, Lagunok! podcasta, DemaS.A. (sortzaile amateurren euskarazko film laburren lehiaketako finala), Iker Martinez de Zuazoren Arnasaldiak dokumentala... Szenatokian, Mikel Martinezen Hamalau bakarrizketa, Eukalyptus dantza-antzerkiaren estreinaldia abenduaren 8an (iazko sormen bekaren irabazle Jon Ander Urrestiren obra), Patxo Telleriaren Txizatoki bat eszenatokian bakarrizketa, Gordinak dantza ikuskizuna (Ane Zapirain eta Alicia Rechac)...
Bestalde, aurtengo Azoka anitza eta gaztea izango dela azpimarratu du Gerediaga elkarteak: iaz sortutako Gazte Eztanda egunak bigarren edizioa izango du aurten, abenduaren 8an, eta abenduaren 7an Ikasle Goiza izango da. Azkenik, ume, gazte zein helduentzako oharra: abenduaren 10ean, domekan, Landako 18:00etan itxiko da, gainerako egunetan baino bi ordu lehenago. Halere, guneetako egitarauak iluntzera arte segituko du.

ARTISAUEN AZOKA

Euskal Herriko Artisauen Arbaso Elkarteak ez du hutsik egingo Durangoko hitzorduan: abenduaren 6tik 10era bitartean, herriko Azoka Plazan jarriko dituzte ikusgai eta salgai beren eskulanak, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Euskal Dendak euskal artisautza tradizionala eta gaur egungoa sustatzen eta hedatzen 27. edizioa beteko du aurten Durangon.

AIZU!-AEKren ESKAINTZA

Gure erakusmahaia Landakoko Artekale 35.ean egongo da edizio honetan. AEKren material didaktikoaz gain, AIZU!k urte osoan kaleratutako zenbaki guztiak egongo dira bertan, baita harpidetza egiteko eskaintza berezia ere. Gainera, 2024ko egutegi polita ere eskuratu ahal izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, aurtengo nobedade nagusia: Ez da hain fazila denbora-pasa bilduma. Letra zopak, hiztegi eroak, hitz gezidunak eta gurutzatuak, atsotitzak, sinonimoak, logika jokoak, hitz kateak, lauki lerroak... ariketa berri eta jostagarriz betetako ia ehun orrialde, buruari euskaraz eragiteko.

Besteak beste, hauek

482lib

1. ANIMALIA DOMESTIKOAK l Esti Martinez l Elkar l Askotarikoak izan litezke pertsonen barnean errotzen diren sentipenak: errutinak dakarren aspertzea, muturtuta daudenen haserrea, inkomunikazioa, noizbait bizikide izan zenaren oroimina... Martinezek irakurleak erraz identifikatzeko moduko leku ezagun eta giro intimoak erakusten dizkigu bere lehen ipuin bilduman.

2. NAZIOEN TOURRA. KAZETARITZA, IDENTITATEA, KIROLA l Xabier Fernandez Monje lTxalaparta l Tourra nazio harrotasuna eta identitateak sustatzeko tresna izan da sorreratik (1903), berehala erakarri baitzuen estaldura mediatiko zabala. Lan honek erakusten du nola eragin duten hedabideen irudiek eta mezuek nazio identitateen eraikuntzan eta deseraikuntzan.

3. GAIZKILEEN GALTZADA. LEITZAKO DORREAK l Garazi Albizua l Marrazkiak: Amaia Ballesteros l Pamiela l Fikzioa eta XIV. mendeko Nafarroako Erresumako historia bilbatzen dira hemen: bidelapurrak, ahaide nagusiak, gosetea, Gaztelaren trikimailu maltzurrak, ustelkeria... Pertsonaia bakoitzaren beldurrak, asmoak eta betebeharrak ezagutuz murgilduko da irakurlea giro hartan.

4. GAUEKO AZKEN EXPRESSOA l Eneko Aizpurua l Alberdania l Txikitako lagunaren gaixotasun sendaezinak sorterrira itzultzeko asmoa piztu dio narratzaileari. Haren eta bizikide izan dituen seme, maitale, alaba eta emaztearen ahotik ezagutuko ditu irakurleak protagonista Portugaletik Euskal Herrira ekarri zuten ibilerak: migratzea, ezintasuna, laguntasuna, familia...

482disk

1. BELDURREZ BESTE EGITEAN l Arima l Bonberenea l Taldeak “bidaia baten amaiera” moduan definitu du disko hau. Horrela, egonaldi luze batek uzten dituen ziurgabetasunak, emozio berri eta ezezagunak, maitasun esperientziak eta ikaskuntzak bildu ditu bertan. Abestiek “piroteknia gutxiago” behar zutela ikusi ostean, taldekideak abestien muinera joan eta “oso gustura” geratu dira emaitzarekin.

2. LAUPABORTZ AIRE TTIPI l Haira l UsoPop Diskak l Peio Erramousperen proiektua da Haira. Moï Moï kolektiboaren barruan egin zituen lehen urratsak ekoizle eta musikari elektroniko gisa, eta orain eskemak hankaz gora ezartzera dator: Elizanburu idazle saratarraren olerki klasikoak eta familiaren tradizioan inspiratutako doinuak hartuta sortu ditu lan honetako bost kantuak.

3. HAU DENA l Askoren artean l Katakrak l LP bikoitza eta liburuxka biltzen ditu lan honek Katakraken 10. urtemuga ospatzeko. Hamabi liburutan oinarritutako 15 abesti sortu eta ia denak Katakrakeko areto nagusian grabatu dituzte, ezohiko estudio inprobisatuan: biolontxeloak, gitarrak, eskusoinuak, zakurrak, xake taulak, arroza, haurrak, alfonbrak, mikrofonoak, zigarretak leihoan...
4. ÅBEN CIRKEL l Nøgen l Balaunka l Zazpi kantu sartu ditu Nøgen taldeak lan berri honetan. Orain arte egindakoekin alderatuta, “desberdinena” dela uste du Olatz Cuevasek, Jokin Gilisagastik, Alex Irazustak, Ane Negeruelak eta Markel Idigorasek osatzen duten bandak. Danieraz jarritako izenburuak “zirkulu irekia” esan nahi du, alegia, “une edo leku bat ez dela inoiz errepikatuko” adierazten du.

482urkiola

Goxomendi

Abendua barrurako hilabetea da; epelean egiten diren ekitaldiekin gozatzeko une aproposa. Euskal kulturak Durangoko Azokan du hitzordu nagusia, baina horrek irauten duen bost egunean bada tarterik ingurua ezagutzeko eta Durangaldeko parajeez gozatzeko. Argi orduak gutxi direnez eta eguraldia ere on-ona ez izateko arriskua handia denez, euskarazko kulturzaleentzako aukera ona, arnas pixka bat hartzeko, hauxe da: Urkiolamendi. Edo Urkiolagirre, bertakoentzat (1.009 metro). Belaze mendi goxoa da, igotzeko erraza, eta ikuspegi ikusgarriak dituena, Anboto piramide ikusgarria zaindari duela. Andoni Urbistondo. Argazkiak: Andoni Urbistondo.

Bizkaiko arnasgune garrantzitsuenetakoa da Urkiola (urkien tokia). Durangaldeko biztanleentzat, mendia pauso batera dago, baina Bilbo Handiko biztanle ugarientzat ere aukera ezin hobea da, etxetik ordu erdi eskasera. Asteburuetan, Urkiolako santutegia eta Tximistarri harria, mutil edo neska laguna lortzen laguntzen omen duen harri biribila, lepo egoten dira. Harritzarrari hiru buelta eman ala ez, hango gainak familia txango bikaina eskaintzen du: erosoa, erraza eta erakargarriz betea. Jomuga, Urkiolamendi, 1.000 metro pasatxoko gailur belartsua (Urkiolagirre ere esaten diote bertakoek).
Erosoa da oso, igoera ume txikiekin eginda ere ordubetean iritsiko gara gailurrera. Erraza, bide osoa belar gainean egiten baita. Tarteka, pinu artean, ia beti belaze zabal eta handietan barrena; paraje honetan, azienda libre eta alai dabil. Eta goxoa, belazean barrena beti egiten delako gusturago bidea. Jakina, gure begiek ere gozatu itzela hartuko dute, Durangaldeko haitz ikusgarriak ohikoa ez den balkoitik bistaratuz. Etxeko lanak eginda, eta Urkiola mendatera bueltan, tripa zorria apaltzeko aukera izango dugu salda beroaz eta ogitarteko goxoaz.
Nahi beste aparkaleku dago Urkiola gainean autoa uzteko, baina asteburuetan jende dezente ibiltzen da, esan bezala, eta abenduaren hasierako zubi luzean litekeena da auto pilaketa oso handia egotea. Ibiltzen hasi, eta berehala ikusiko dugu txangoaren nondik norakoak argitzen dituen seinaleztapena: gure ezkerrean, Urkiolagirre gailurrera daraman xenda, ataka bat zeharkatu ostean. Lokaztuta baldin badago, Asuntze lepora eta Pol-Poleko aterpe eta iturrira daraman pista har daiteke. Luzeagoa eta aspergarriagoa da: 3,3 kilometro pistan eta 1,7 mendi bidetik. Lehena aukera ona da oinetakoak lehor mantentzeko.
Mendiko xenda aukeratuta, gozo, aise, erraz egiten da bidea. Pinu handien artean aurrena, paraje irekietan ondoren. Pixkanaka, santutegia behean utziko dugu, eta parez pare agertuko zaigu, mendebaldean, Saibi gailurra (954 metro). 10-15 minuturen ondoren, argazki benetan ikusgarria agertuko zaigu begien aurrean: Durango herria bera Alluitz (1.034 m), Astxiki (785 m) eta Untzillatx haitzen magalean (941 m). Hegoaldera begiratzen badugu, Lekanda, Aldamin eta Gorbeia (1.475 m) azalduko zaizkigu. Baita Otxandio, Urrunagako urtegia, Gasteiz eta Arabako Lautada osoa ere.
Ikuspegirik dotoreena, baina, tontorrera iritsitakoan dator, Bizkaiko eta Euskal Herriko piramiderik dotoreenetakoa azalduko baitzaigu parean: Anboto, 1.331 metroko mendi puska. Urkiolamenditik ezinezkoa, edo zaila, dirudi gailurrerako bideak, baina bidea egon badago, eta milaka mendizalek egiten dute urte osoan. Asuntzeko lepotik hegoaldera, Izpizte eta Oriol mendiak ere agertuko zaizkigu, bigarrena Aramaioko (Araba) lurretan dagoeneko.
Txangoa apur bat luzatzea erabakitzen badugu, belazean behera pistara jaitsi eta Pol-Poleko iturrira hurbil gaitezke, itzultzeko bideari ekin aurretik airoso isurtzen duen ur fresko ederra dastatzeko. Buelta igo garen bide beretik egin dezakegu, edo, bestela, pista batetik. Urkiolamendi inguratzen badu ere, zatar samarra da. Mendizaleak egun horretan egin beharko duen ahalegin bakarra izango da: nondik itzuli erabaki!
Urkiolamendi gailurreko joan-etorriak ordu eta erdi eskas kenduko digu. Pistatik bueltatuz gero, gehixeago, bi ordu pasatxo. Azokara itzuli aurretik mendi bueltaren ostean suspertzeko denbora, mendizaleen esku!