Zozayak (Donostia, 1995) Nara (Balaunka, 2023) bakarkako bere lehen disko luzea aurkeztu berri du, eta aurkezpen bira betean dabil, “oso gustura”. Lehendik, bi lan labur zituen argitaratuak. Bakarka hasi aurretik, bestelako proiektuetan lan egin izan du, Nerabe taldean, esaterako. Musikaren munduan buru-belarri murgilduta dago: musikari eta abeslari izateaz gain, musika ekoizteko eta sustatzeko Gure Bazterrak enpresaren sortzaile eta kide da. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Ander Arriguri.

Disko osoak badu nolabaiteko tonu malenkoniatsu edo tristea.
Bai, guztiz. Nire musika guztiak badu ukitu hori pixka bat: nostalgia, iluna... Hala ere, era berean, ahotsaren goxotasunarekin iluntasun hori argira eramateko bidea irekitzen dut.
Oro har, oso intimoak dira zure abestiak.
Egia esan, bai. Aurreko lanetatik badago aldaketa; uste dut arima gehiago ireki dudala, jendeak ikus dezan. Jauzi nahiko handia da. Hitzetan ikus daiteke: askoz gordinagoak dira, zuzenagoak. Disko honetan, aldaketa nagusi bat izan da hori.

Musikak zure egoera emozionala aldatzen duela entzun izan dizut. Zure musikak zure egoera emozionala islatzen du?
Nire musikan, kanta bakoitzak nire bizitzako une bat islatzen du, eta une hori oso lotuta dago emozio konkretu batekin. Hortaz, esan daiteke kanta horretan harrapatuta gelditzen dela, apur bat, baina ondoren, kanta horri bizia ematen diodan bakoitzean, abesten dudan bakoitzean, beste emozio bat ere lortzeko gai naiz. Hots, ez da erabat harrapatuta geratzen, baina sinbolikoki-edo une jakin batean nuen emozio hura irudikatzen du.
Beraz, Nara Sara da?
Bai, erabat. Sararen parte edo Sararen bertsio bat izan daiteke.
Popa, post-rock tristea… nola definitu zure musika?
Ez da batere erraza. Nire ahotsak estilo aldetik dena lotzen du pixka bat, zeren, bai, genero dezente ukitzen baititut. Ez da batere erraza etiketa zehatza jartzea, eta askotan, gainera, hori egiteko eskatzen zaigu. Adibidez, Spotifyn eta, zure estiloa zein den markatu behar duzu, eta kostatzen zait. Askotan, pop, ambient, sad, rock, alternative... halako dezente jartzen dut, gauza askoren nahasketa dela uste dudalako.
Durangoko Azokan izango zara, Ahotsenean. Estreinako aldia duzu?
Bakarka, bai. Beste proiektu batzuekin egon naiz, baina bakarka lehenengo aldia da. Beraz, han izango gara 8an, baita beste egun batzuetan ere diskoak saltzen.
Zer espero duzu?
Nahiago dut ezer ez espero; normalean, hobeto ateratzen zait dena horrela. Gainera, kontzertuari dagokionez, bi alderdi nahasten dira. Batetik, zaleak eta publikoa ikaragarri onak dira, eta dagoen giroa oso aproposa da kontzertu bat emateko, lasaia eta errespetuzkoa. Errespetua da gehienbat nabaritzen dudana. Baina, beste alde batetik, hainbesteko jendetza eta mugimendua dago, hainbeste talde, nahiko estresagarria izaten da. Hala, oso polita izan daiteke, baina teknikoki-eta ez da hain erraza. Beraz, indarrarekin joan behar dugu estres horri aurre egiteko eta plaza horrek ematen duen aukeraz gozatzen saiatzeko, kristorena da eta.

Oholtza gaineko eta oholtza atzeko lana ezagutzen duzu. Zerk betetzen zaitu gehiago?
Agertoki gaineko lanak arima betetzen dit, baina poltsikoa agertoki atzekoak. Hori da errealitatea. Azkenean, musikari izatea... Aurten konturatu naiz, gero eta gehiago, nolako inbertsioa eskatzen duen. Etengabe gastuak eta gastuak. Ondorioz, oso jende gutxi da gai honetaz bizitzeko, etengabeko inbertsioa delako: musika, bideoak, zuzenekoak... Oso zaila da, baina era berean arima betetzen dit, eta beti abesten jarraitu nahi dut. Hori da nire pasioa, eta nire lehentasuna. Atzeko lan horrek egonkortasuna ematen dit, lana delako, eta, aldi berean, asko gustatzen zait beste artista batzuen bideak ikustea eta beste toki batetik gozatzea, agertokiaren atzetik. Pila bat gustatzen zait, eta uste dut horrek ere oholtzara ateratzeko motibazioa sortzen didala.

Emakumeak Oholtzara programan parte hartzen duzue Gure Bazterrak-ekin. Generoa oztopo da oraindik ere oholtzan?
Bada oztopoa, gure gizartean sistematikoki txertatuta dagoelako. Beraz, musikan ere, beste arlo batzuetan bezala, matxismoa egon badago, eta berdintasunerako bidean pila bat dago egiteko oraindik. Hortaz, oztopoa da musikan, bai, toki guztietan bezala.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Kafeak.
Eta tristatu? Goiz esnatu beharrak.
Zerk eragiten dizu barrea? Txiste oso-oso txarrek.
Eta negarra? Kantu on batek.
Zerk haserrearazten zaitu? Zapalkuntzak, oro har.
Zerk harritzen zaitu? Denok gizakiak izanda, espezie berekoak, hain ezberdinak izatea.
Bizio bat? El Conquis.
Plazer txiki bat? Niretzat, denak dira handiak.
Eta sekulako plazer bat? Hamabi ordu jarraian lo egitea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Suhiltzailea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Irakaslea.
Musikari bat? Anari.
Kontzertu bat? La Oreja de Van Gogh-en bat, Anoetako Belodromoan, 2000 eta oso gutxian. Ikusi nuen lehen kontzertua izan zen.
Non joko zenuke gustura? Zinema areto batean.
Lasai entzuteko musikari bat? Nils Frahm.
Eta dantzarako? J Martina.