Iruñerriko Komunikabideak Fundazioak (IKF) Bostekoa saria sortu berri du, “euskarari ospea, bultzada eta ikusgarritasuna ematen dizkioten euskaltzaleen jokamoldea eskertzeko”, eta Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea izan da jaso duen aurrena. IKFk honela arrazoitu du lehen edizioko saria Osasunako entrenatzaileari eman izana: “Pertsona estimatua eta errespetatua da. Gizon umil eta normala, horretatik gutxi duen futbolaren munduan. Euskalduna eta euskaltzalea, Iruñera etorri zenetik euskaraz egin du, naturaltasunez: prentsaurrekoetan, ekitaldi publikoetan, ospakizunetan. Bertsozale handia izanik, bertsotan ere ikusi dugu Iruñeko udaletxean eta Gaztelu plazan, zalez inguraturik”. Beraz, euskararekiko konpromiso hori publikoki aitortu nahi izan dio Fundazioak Berriatukoari. Joan den hilean eskuratu zuen saria Arrasatek, solasa, bertsoa eta musika bildu zituen ekitaldian, eta taldeko Oier Sanjurjo kapitain ohiaren ekarpena ere goraipatu zuen eskerrak emateko hitzaldian.