Heriotzak, gaixo larriak, ondorio ekonomiko eta sozial gogorrak... Iaz agertu zenetik, COVID-19ak utzi dituen eta utziko dituen ondorioak lazgarriak dira. Osasunari dagokionez, ondorio fisikoek ez ezik, ondorio psikologikoek ere kezka eragin dute adituen artean. Besteak beste, “neke pandemikoa” aipatu dute: pandemiak eta haren aurkako neurriek mundu osoko jendearengan eragindako nekea; alegia, antsietatea, motibazioa galtzea, depresioa, egoerarekiko asperdura eta nazka... eragiten dituen nekea. OMEren arabera, europarren % 60k nozitu dute. Zuek sentitu edo bizi izan duzue halakorik?  Ordiziako AEK-ko B1 mailako Auskalo taldea

1. Livia
Iaz COVIDarekin gaixotu nintzenean eta senarrari kontatu nionean, zazpi urteko semeak entzun egin zuen eta negarrez hasi zen: "Ama hil egingo da!”. Ez zegoen lasaitzeko modurik eta, ni gelan isolatuta nengoenez, ezin nuen berarekin egon lasaitzeko. Une hori nire bizitzako une okerrena izan zen, eta ez dut inoiz ahaztuko.

2. Ana
Orain lasaiago nago, baina konfinatuta geundenean, etxetik atera gabe, kezkatuta nengoen. Nire burua pentsatzen ari zen etengabe: lanean, etorkizunean, nola une batean dena aldatu zen... Ondorioz, ile asko galdu nuen, nire buruan ilerik gabeko biribil galanta sortu zen. Eskerrak denborarekin berriro ilea agertu zitzaidala!

3. Elena
Oraingoz, ez dut nabaritu ondorio psikologikorik. Laneko egoerak edo mugikortasuna murrizteak kezkatzen naute, alde batetik, ezin dudalako herritik atera; eta, bestetik, nire bezeroek ezin dutelako nire lantokira etorri. Iruditzen zait arazo handia dela hainbeste pertsona antsietatearekin edo beste arazo batzuekin egotea.

4. Gorka
Hasieran ez. Bat-batean gertatu zen, egun batetik bestera dena erabat aldatu zen (lana, ikasketak, harremanak...). Urtebete geroago, amesgaiztoa iruditzen zait eta, batzuetan, pixka bat gogaituta sentitzen naiz, dena une oro aldatzen dela pentsatuz.

5. Marisa
Nik pentsatzen dut pandemiarengatik oso aztoratuta gaudela mundu osoan. Oraindik nire inguruan ez da ezer larririk gertatu, baina nahiko urduri nago. Horregatik, onartzen dut zein den egoera eta arauak betetzen ditut.

6. Patxi
Niretzat oso gogorra da: iazko apirilean, familiako bat hil zen COVIDarengatik eta ezin izan genuen agurtu. Urtea pasatu ondoren, badirudi orokorrean okerrago gaudela. Adituek neurri zorrotzagoak jarri nahi dituzte, baina agintariek ez diete kasurik egiten, ekonomiari osasunari baino garrantzi handiagoa ematen diotelako.

7. Alba
Hasieran, denok batera borrokatzen genuen birusaren kontra, baina 2020ko uda eta gero dena zailagoa da, olatu bat bestearen atzetik etorri delako; eta politikoak eta beste pertsona batzuk indibidualistak izaten ari dira. Pixka bat nekatuta eta kezkatuta nabil, nahiz eta uste dudan medikuak, langabeak... ni baino okerrago daudela.