Muturreko beroaren eraginez, urtero 490.000 lagun inguru hiltzen dira munduan. Horrenbestez, eguraldi gertakarien artean heriotza gehien eragiten duena da. Hala jakinarazi du Munduko Meteorologia Erakundeak, klima zerbitzuei buruz egin duen azken txostenean. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak, unibertsitateak, zientzia elkarteak... munduko 40 erakunderen datuekin osatzen dute urtero txostena. Datuen arabera, 2000. urtetik 2019. urtera 489.000 lagun hil ziren, urtero, bero boladen eraginez. Gehienak Asian (% 45) eta Europan (% 36). Gaixotasunen hedapena, lehorteen eta/edo uholdeen eraginez sortutako goseteak... klima aldaketak ondorio kaltegarri ugari sortzen ditu. Muturreko beroak, gainera, hainbat ondorio larriagotzen ditu. Esaterako, airearen kutsadura, heriotza goiztiar askoren jatorria, hain zuzen ere. Gainera, txostenaren egileen ustez, beroaren eragina gutxietsia dago: haren ondoriozko heriotza tasa egun erregistratzen dena baino 30 aldiz handiagoa izan daiteke.