Gero eta jende gehiagok esaten dit deseroso sentitzen dela umeekin Olentzeroz eta Mari Domingiz hizketan. Asko kostatzen omen zaie umeei gezurra esatea. Ulertzen diet eta ez diet ulertzen. Nik ez daukat neure umerik, eta horregatik egingo zait errazagoa halakoak esatea, baina ez dut uste geure buruarekiko zintzoak garenik. Uste dut ume baten bizitzan gehien eragingo duen gezurra ez dela izango Olentzero eta Mari Domingi benetakoak direla esatea. Esate baterako, gurasoak beti elkarrekin egongo direla esaten zaie edo iradokitzen zaie, hala ez dauden arte, edo ikasi behar dutena eskolan ikasiko dutela, edo denborak bakoitza bere lekuan jarriko duela, edo bizitzan nahi dutena egin ahal izango dutela, edo ez dutela nahi ez dutena egin beharko, edo zaharrak garenean hiltzen garela, edo… Haurrei gezur asko asko esaten zaizkie, gure balioak barnera ditzatela nahi dugulako, eta geuk erabakitzen dugu umeentzat garrantzitsua zer izango den, adibidez.
Ez naiz inor seme-alabei zer esan behar zaien epaitzeko, baina badakit egia osoa ez zaiela ia inoiz esaten. Kontua da guk umetan bizi izan genuenaren arabera eraikitzen ditugula gauzak helduak garenean, eta pertsona ugarirentzat gurasoek esandako lehen gezurra Olentzerorena izan zen. Edo hala gogoratzen dute, behintzat. Nik ez diot sekula utzi magian sinisteari, ordea. Pentsatzen dut bizirik irauteko beharrezkoa dela fantasia, eta hari eusteko neure buruari gezurra esan behar badiot, gezur txikiak gehienetan, esan egiten dizkiot. Munduari eustea ariketa zaila da, eta batzuetan gauza zehatzek eta ziurrek ez dute balio. Niri ez, bederen. Nik nahiago dut Olentzerori gutunak idazten jarraitu, nahiz eta jakin badakidan eskatutakoa neuk erosi, eraiki, egin edo desegin beharko dudala. Batzuetan, gure buruari hitz egiteko modua besteekiko edo gauzekiko ditugun jarreretan erreproduzitzen dugu.