Iazko apirilean hasi ziren Leioan (Bizkaia) Avanzada errepidea estaltzeko lanak. Herria bitan zatitzen du, eta egunero 130.000 auto igarotzen dira bertatik. Lanen ondorioz, udalerriak eremu handi bat berreskuratuko du, baina bertako bizilagun asko aurka agertu dira. Hasteko, herritarrek errepidea lurperatzeko eskatu izan dute aspalditik, ez estaltzeko. Gainera, haien ustez, lanek ez dituzte herriko hirigintza arazoak konponduko. Ados zaude lan horiekin edo nahiago duzu beste irtenbide bat?
Leioako Lamia AEK euskaltegiko B2 mailako taldea

1. Mª Feli
Avanzada estaltzea oso garrantzitsua da bizilagunentzat, baina nire uste apalean, Erandiotik Getxorako bidean (EHUren alboan) proiektu erraldoia egin beharko lukete.

2. Ainhize
Ez dut uste irtenbidea denik, herritarrak lasaitzeko modu bat baizik. Badirudi zarata kenduko dutela, baina espaloian 3 metroko porlanezko hormak baino ez dira ikusiko.

3. Iraide
Beharrezkoa da zerbait egitea, baina 3 metroko horma etxe aurrean jartzea ez da inoren gustukoa; bestalde, ez dakit autoen zarata kenduko den. Hobe lukete lurperatzea.

4. Ana
Ados nago estaltzeko lanekin, zarata eta kutsadura murriztuko omen direlako, baina herritarren aspaldiko eskaera lurperatzea da, eta Leioarako hobea izango litzateke.

5. Goio
Ados nago estaltzearekin, baina proiektua ez zait gustatzen. Batetik, horma bat altxatzea egokia ez delako; bestetik, lan horiek jendeari eragotziko diotelako.

6. Efrén
Neuri, behintzat, beste proiektu bat gustatuko litzaidake. Nahiz eta bizilagunek gune publiko dezente lortuko duten, azkenean uharte bat bezalakoa izango da.

7. Jorge
Egia esan, ez daukat gai honi buruzko iritzi argirik. Leioak oinezkoentzako erdigune baten beharra dauka. Ondo legoke herri galdeketa bat egitea.

8. Elisabeth
Estaltzea ideia ona da, baina proiektuak arazo asko eragin ditzake. Adibidez, bide bakarra utziko dutenez, anbulantziek trabak izango dituzte hortik pasatzeko.

9. Kepa
Erakundeek denbora luzea eduki dute hobeto egiteko, baina azkenean erabaki hori hartu dute. Leioako bizilagunok errepidea lurperatzea nahi dugu, konponbide onena baita.