MAITE ARROITAJAUREGI MURSEGO musikaria (Eibar, 1977) sortzaile askea eta musika irakaslea da. Goya saria irabazi zuen 2021ean, Arantzazu Callejarekin batera, Akelarre filmeko soinu bandagatik. Berea da 23. Korrikaren Harro Herri abestia ere. M. Egimendi. Argazkia: Amaia Zabalo.

Nola jaso zenuen 23. Korrikaren kanta egiteko enkargua?
Ane Elordiren (Korrika arduraduna) lehen mezua iazko urtarrilean jaso nuen. Segituan pentsatu nuen zertarako izango zen, eta baiezkoa ematea ere segituan erabaki nuen. Otsail aldera elkartu ginen denborak eta epeak lotzeko. Orduan jakin nuen enkargua abestia konposatzea ez ezik, zuzendaritza artistiko osoa ere bazela, hau da, neuk aukeratu behar nuela zein musikarirekin egin, bideoklipaz nor arduratu, nola... Alegia, neurri batean, dena nire esku egongo zela. Argi izan nuen Ibon RGrekin eta Mikel Kau Kori Kurarekin egin nahi nuela kantua, biek dutelako profil egokia horretarako.

 

“Oso argi neukan Korrika kantuak kolektiboa izan behar zuela”

“Ez digute zinema zuzendari gehiagok deitu Goya saria lortzeagatik”

“Zineman, azken hitza zuzendariarena da; zaila izan arren, onartu egin behar da”

“Kantu asko dauzkat eginda, baina ez daukat diskorik egiteko asmorik”

“Gero eta gehiago kostatzen zait kontzertuak ematera ateratzea”

“Kultura ez zaie inporta erakunde publikoei”


Onomatopeia asko ditu abestiak, baita Mikel Laboaren eragina ere.
Bigarren bileran edo jakin nuen leloa Harro Herri zela. Hainbeste R gogorrekin (hain euskalduna, nire ustez) eta errepikapenekin (horien oso zalea naiz), berehala hasi nintzen ikusten onomatopeiak, hitz jokoak, sonoritatea... Harro eta herri hitzei buelta asko eman genien Amaia Astobizak eta biok, baita Gabriel Arestiren Harri eta Herri liburuari ere. Amaia ez nuen aurretik ezagutzen, baina nahiko modu instintiboan jo nuen berarengana, banekielako itzultzailea dela eta oso harreman estua duela Kau Kori Kurako Olatzekin eta Mikelekin. Gustatzen zaizkit taldeari idatzi dizkion hitzak, eta itzuli dituen liburuak ez dira nolanahikoak. Beraz, pentsatu nuen pertsona egokia zela kantu pop baten hitzak sortzeko, argi bainuen pop estilokoa izan behar zuela. Mikel Laboaren eragina ere hor dago, bai. Ez dugu berariaz bilatu, baina haren itzala hain handia denez, nahitaez ukitzen gaitu. Eta ezin ahaztu Korrika kantuak publiko guztientzat izan behar duela; hortaz, askotan izan dugu buruan hitz jokoak eta onomatopeiak umeen hizkuntzaren oso barruan daudela eta erakargarria izan daitekeela eurentzat.
Izan ere, haur txikien musika irakaslea ere bazara. Zer onura dakarkie musika eskolara txiki-txikitatik joateak?
Asko. Nik musika bizitzen irakasten diet, baina garunerako onurak ere ezagunak dira. Eta garapen soziala, emozionala, fisikoa, motrizitatea... pertsonaren hainbat alderdi. Gainera, taldean elkarbizitzen ikasten da: elkarrekin zelan egon, gauza batzuk txandaka egin behar direla, batak bestea errespetatuz... Eta plazera ere bai: umeek asko disfrutatzen dute, jolastu egiten dute musikarekin eta oso ondo pasatzen dute. Azken batean, beren burua hainbat modutan adierazteko lanabesak jasotzen ari dira, eta, bitartean, alor asko lantzen dituzte, bai fisikoak bai mentalak.
Korrikara itzulita, jende askok hartu du parte Harro Herri kantuan. Abesti kolektiboa da?
Bai, AEK-k hala eskatuta ere, e? Korrika kantuaren prozesuan, askotan pentsatu izan dut % 100 Oion diskoan (2017). Hura enkargua izan zen, baina eskarmentu handia eman zidan: herri bateko erlijio eta komunitateak batu genituen, jende piloa. Esperientzia hark egin nau, neurri batean, orain naizena. Beraz, Korrikaren erronka onartzeko ere gaitasun handiagoz ikusten nuen neure burua, jende askorekin lan egitea oso zaila izan arren. Gainera, Mikelen eta Ibonen babesarekin, beldur barik aritu naiz, lasai. Kolektibotasunean sinesten dut, eta oso argi neukan, AEK-k hala eskatzeaz aparte, Korrika kantuak kolektiboa izan behar zuela, daukan zentzu eta testuinguru guztiagatik. Gure kantuan isla duela uste dut.
% 100 Oion aipatu duzu, eta Katakrak kolektiboaren Hau dena lanean ere parte hartu duzu. Gero eta gutxiago aritzen zara bakarrik?
Bueno, ez dakit. Azken finean, neure lana bakarrik egiten dut. Adibidez, zinema arte adierazpen kolektiboenetakoa izango da, bertan alor asko biltzen direlako: argazkigintza, jantziak, musika, aktoreak... Beraz, azkenaldian zineman oso sartuta nabilenez, baietz esan dezakegu. Halere, ez da bilatu dudan zerbait. Eta Katakraken 10. urteurreneko lanean parte hartzeko deitu zidatenean, zalantzarik gabe esan nuen baietz, proposamen erakargarria egin zidatelako, Chill Mafiarekin kantu bat egitea, hain zuzen ere.
Lan eta lan zabiltza azkenaldian soinu bandak egiten: Sobre todo de noche (Victor Iriarte), Moscas (Aritz Moreno), Betiko gaua (Eneko Sagardoy)...
Erdi kasualitatez hasi nintzen zineman, eta bidea egiten nabil. Aurten lasaiago, Aritzen hurrengo pelikula atzeratu egin delako. Behar nuen atsedena, zinema oso exijentea baita. Orain, ekainera bitartean, Mikel Lizarralderen dokumental bati jarri behar diot musika, kontzertu gutxi batzuk prestatu... Bat, Markos Gimenoren lanekin Gernikako museo batean egingo duten erakusketa baterako. Hori patxadaz eta gustura prestatu nahi dut. Ez dut kontzertu asko eskaini nahi, baina bai kantu berriak egiteko denbora hartu. Behar dira tarte batzuk norberarena egiteko. Zinema, azkenean, enkargua da, eta ardura izugarria dakar.
Eta ekainetik aurrera?
Ekainean, Fernando Francoren Subsuelo filmarekin hasiko naiz. Uda ostean, berriz, Victor García Leonen film baterako musika egingo dut, benetako gertaera batean oinarrituta dago. Eta Aritz Morenok egin behar duena zoragarria izango da, kata modalitatean lehiatzen den emakume karateka bati buruzkoa. Ezezaguna, munduko txapelduna izan arren.
Akelarre filmarekin Goya saria jasota eta Irati pelikularekin bi izendapen lortuta, zuzendari gehiagok deitu dizute lanerako?
Ez. Victor Iriarte laguna da; Aritz Morenorekin duela hamaika urte kolaboratu nuen bere lehen lanean, Moscas filmeko soinu banda egin dut eta hurrengoa ere musikatuko dut; Fernando Francorekin ere betidanik ibili izan naiz, laguna dut eta asko gustatzen zait egiten duen guztia... Hortaz, ez da Goya sariengatik. Horregatik ez da aparteko ezer egon.
Zer eduki behar du film egitasmo batek zuk erronka onartzeko?
Lehenik eta behin, praktikotasunari begira, eskatzen dituzten epeetan egin ahal izatea. Baina ez daukat hainbeste proposamen aukeratzen ibiltzeko ere. Irati Arantzazurekin (Calleja) zelako egin nuen, eta filmaren epika erronka zelako biontzat. Besteren bat ere egingo dugu elkarrekin. Pelikula gustatzen bazait, primeran! Eduki izan dut gustatu ez zaidan baten bat. Arantzazuk eta biok pare bat ezezko eman dugu, gidoiak ez zigulako ezer berezirik eskaintzen. Baina bueno, oro har, horixe: gidoia gustatzea, gaia ere bai...
Zineman, zuzendariak agintzen du. Nola darama hori zure askatasun goseak?
Zuk proposamenak egin ahal dituzu. Batzuk hasieratik onartuko dira, baina azken hitza zuzendariarena da eta, zaila izan arren, onartu egin behar da. Irati-n, adibidez, pasarte batzuk nik ez nituen horrela egingo, baina onartzen dut Paulek (Urkijo) hala nahi zuela eta pelikulak ere hala eskatzen zuela. Eta ez da zuzendaria bakarrik, pelikularako onena zer den ere pentsatu behar da.
Musikari erreparatzen diozu, batez ere, zinemara joaten zarenean?
Lehen ez hainbeste, baina honetan hasi naizenetik askoz gehiago. Zenbat eta film gehiagotan parte hartu eta mundu hori zenbat eta gehiago ezagutu... Eta musikari baino gehiago, soinuari: nola eginda dagoen, nola eta non grabatu den... Kreditu guztiei ere erreparatzen diet, ea zenbat laguntzaile izan duten...
Amama (Asier Altuna, 2015) filmean paper txiki bat antzeztu zenuen, eta Sobre todo de noche pelikulan esperientzia errepikatu duzu. Gustatu zaizu aktore lana?
Oso pertsonaia anekdotikoak izan dira. Amama-n, hasieratik proposatu zidan Altunak: hiletan jotzen agertzen nintzenez, gidoiaren parte nintzen, eta esaldi bat esan nuen. Bestea, berriz, eskatu egin nion Victorri: kantua neuk abesten dudanez, ez da hain arraroa agertzea, eta abesbatzakoekin oso harreman ona geneukanez...
Eta zeure kantuak? Badauzkazu batzuk eginda eta gordeta?
Bai, asko, baina ez daukat diskorik egiteko asmorik, horrek ez du lehentasunik. Bueno, ondo egongo litzateke, kantuak landuko nituzkeelako, erdizka eginda dauzkadanak bukatu... Hala ere, oraingoz, sortzen diren beste kontu batzuekin nabil. Ez dakit ondo egiten dudan ala ez, agian dena laga eta grabatu egin beharko nituzke, baina... betiko zalantzak. Kontzertuak ematera ateratzea ere gero eta gehiago kostatzen zait. Gutxi eta ondo aukeratuak badira, bai, baina nekea sortzen da. Hortaz, nire bideak zineman jarrai lezake, beharbada... Lan horretan, ikus dezaket neure burua 70 urterekin: erosoa da, nahikoa etxetik estudiora etortzea.
Zer dauka ona, eta zer txarra, musikaria izateak?
Ona, nire kasuan, askea izateko esparru bat dela. Txarra, orain eta hemen, prekarietatea. Musikaren alor guztietan. Zineman, oso argi; gure kasuan bai, behintzat. Hor dago Lanartea (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea), nik hor daukat jarrita esperantza. Ari dira gauzak lortzen, baina oso poliki. Kultura ez zaie inporta erakunde publikoei.

KOLKOTIK

Non daukazu Goya saria?
Apalategian, liburuei eusten.
Zein zinema zuzendariren filmari jarri nahiko zenioke soinu banda?
Lucrecia Martelen bati.
Film bat?
Rimini (Ulrich Seidl, 2022).
Gustuko musikari edo talde bat?
Cachito Turulo.
Taberna batean sartzen bazara eta zure musika badago jarrita...
Ez da gertatzen, baina baldin balego, poza.
Agertokira atera aurreko maniaren bat?
Yogan ikasitako arnasketa ariketak.
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena?
Milazulo eta ezkai ura, baita olio tragoxka bat ere.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Txokolatea.
Zer moduz konpontzen zara sukaldean?
Denbora dudanean, asko gustatzen zait esperimentuak egitea. Batzuetan, ondo ateratzen dira; beste batzuetan, ez.
Zein da heroia zuretzat?
Adibidez, Ramona, Matria filmeko protagonista.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Denboraren aztarna.
Larunbat gauerako planik onena?
Lagunarteko afariaren ostean, dantza; baina gauden lekuan, ez tabernetan.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Aktorea.
Zerk ematen dizu beldurra?
Gizakiak.
Eta amorrua?
Nagusikeriak.
Non egingo duzu korrika?
Eibarren!
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Identitate bat garatzea eta altxor bat bizirik mantentzen laguntzea.
Labur, nolakoa da Maite?
Ziklotimikoa.
Eta Mursego?
Zalantza artean hegan egiten duen ugaztuna.