Biolur elkarteak Amillubi Taupaka proiektua jarri du martxan, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa bultzatzeko. Biolur 1993an sortu zen Gipuzkoan, eta orain Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta haren lurrak erosteko asmoa du, “herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzaten”. Hala, herritarren babes ekonomikoari esker, lurra ondasun kolektiboa bilakatu nahi dute, lur emankorrak babestu eta elikagaiak bermatzeko. Izan ere, Amillubiko lurrak meandro batean daudenez, kalitatezko elikagaiak sortzeko aukera eskaintzen du. Bertan, lurra errespetatzen duten laborantza proiektuak jarriko dituzte martxan, eta prestakuntza eta nekazarien arteko saretzea sustatuko dira. Lurrak eta baserria erosteko, 390.000 € behar ditu Biolurrek; 150.000 € maiatzaren 30a baino lehen egin beharreko lehen ordainketarako. Informazio gehiago lortzeko eta dohaintzak egiteko, www.amillubi.eus atarira jo daiteke.