Gabonak kontsumismo betean ospatzea erabakitzen duen orok daki urtarrila ez zaiola erraza egingo. Zaila da urtearen amaierako kontsumo festatik alde egitea, ordea. Oparirik egiten ez duenak konpromisozko bazkari edo afariak izaten ditu kuadrillarekin, lankideekin, gimnasiokoekin edo dena delakoarekin. Bazkari eta afarietatik libratzen denak iloba guztientzako opariak erosten amaitzen du urtea, eta hori egiten ez duena lagun ezkutuaren zakuan sartzen dute. Zozketak eta loteria saltzen digute honen edo bestearen alde. Ez dugu dirurik gastatu nahi, baina aitari ez diogu ardo on baten gutizia ukatuko halako egun batean. Amak sukaldea uztea nahi dugunean, prestatutako jakiak erosten ditugu eta, motiboa ona den arren, dirutza gastatzen dugu horretan ere. Ez dago azaroan adina gastatzetik libratuko gaituen ezer. Ezta oporretan joateak ere. Garai batean, bai. Garai batean, Gabonetan bidaiatzea merkea zen, baina orain ez. Dirua behar da abendu bukaeran eguzkitara alde egiteko: diru asko.
Libratzeko esperantza galdua dudan honetan, urtarril ona opa dizuet. 2024an, erokeria hau gainditu egingo dugula uste dut. Nahi nuke. Bitartean, dieta on eta aurrezki gehiago pilatzeko lanordu on. Ez dezala gehiegi gastatu izanak urte hasiera hau lorrindu. Pentsatu disfrutatu egin dugula gastatu dugun bitartean, ito arte jan dugunean edo nahi ez genituen gauzak oparitu dizkigutenean. Izan ere, erruki zaituztet hau guztia gozatu gabe egin duzuenok. Ez nuke zuen praketan egon nahi: ez abenduan ez urtarrilean. Urtean hilabete bitan ernegatzea asko da gurearen moduko bizitza laburretan, ez baikara olibondoak edo dortokak. Ez daukagu hainbeste denbora urtean 60 egun erretxinduta egoteko. Beraz, espero dut orain larri zeudenetok edo gaudenok inauterietan edo berreskuratuko dugula umorea.