Zuzendaria: Aki Kaurismäki. Gidoia: Aki Kaurismäki. Aktoreak: Alma Pöysti, Jussi Vatanen, Janne Hyytiäinen, Anna Karjalainen. Finlandia, 2023.

Istorioa: Ansa Helsinkin bizi da. Supermerkatu batean egiten du lan, eta bizitza nahiko bakartia du. Gau batean, Holappa ezagutuko du, Ansaren antzera bizitza bakarti samarra duen langile zurruteroa. Maitasun harremana sortuko da haien artean, nahiz eta bidean oztopo eta gaizki ulertu mordoxka agertu.

Sariak: Cannesen, Epaimahaiaren Saria jaso zuen iaz, eta beste zenbait aitorpen eta izendapen ere jaso ditu han-hemenka. Kritikak ere txalotu du, oro har.

Onena: Bai estilo bai eduki aldetik, Kaurismäki bete-betean. Plano finko eta luzeak, ikusten dena ikusten ez dena bezainbeste erakusten dutenak; kolore estilizatuak; elkarrizketa urri eta laburrak; aktoreen interpretazio neurritsu bezain adierazgarriak; musikari eskainitako mimo berezia... Hain bere dituen estilo ezaugarriekin oso berea den lana eskaini digu zuzendari finlandiarrak, jakina. Rock doinuek lagunduta eta taberna giroan, gizartearen bazterrak hurbil dituen jende langile arruntaren gorabeherak xamurtasunez eta modu soilean kontatuak, sotilki eta ironiaz, umorez, baina tristura ezkutatu gabe, betiere gizatasun handiz. Hori guztiori, gainera, iraupen luzerik gabe (azkenaldiko joerak ikusita, harritzekoa!). Bestalde, ezin aipatu gabe utzi zinemari egiten dizkion keinu eta erreferentzia ugariak, zinemazale sutsuenei ez ezik, hain jantziak ez direnei ere atentzioa emango dietenak.

Txarrena: Esandakoa: Kaurismäki bete-betean. Maite duenak gozatuko du, gustuko ez duenak... hor konpon, Marianton!

Eñaut Mitxelena