Hasiera bat izena jarri dio nafarrak bere bakarkako lehen diskoari. Albuma osatzen duten 10 abestiak ere antzera izendatu ditu, azkena izan ezik: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat eta Besterik ez. Berri Txarrak taldeak agertokiei agur esan zienetik lau urte pasatu direnean kaleratu du lan hau, egungo bizimoduaren abiadura bazterrean utzita: patxadaz sortua, barnera biltzeko gonbita egin dio entzuleari. Laster hasiko du aurkezpen bira ere: otsailaren 23an, 28an eta 29an, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren; apirilaren 12an, 19an eta 27an, Iruñean, Madrilen eta Bilbon; maiatzaren 18an eta 25ean, Biarritzen eta Bartzelonan; eta ekainaren 7an, Azpeitian. Lehen sarrerak agortuta, kontzertu gehiago ere ari dira antolatzen.

484ehz

EHZ festibala Arberatzen (Amikuze) egingo dute, lehendabizikoz, ekainaren 28tik 30era. Abenduan kaleratutako Eguberriko bonua berehala agortu bazen ere, hil honen amaieran txartelak aurretiaz eskuratzeko beste aukera bat egongo da. Egitaraua ez da ezaguna oraindik, baina jakina da Benizze bertan izango dela, musikari gasteiztarrak irabazi zuelako Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak, Iñigo Muguruza gogoan, antolatzen duten Paradisu Zinema bekaren lehen edizioa.

484modusoperandi

ATZO/GAUR
Modus Operandi
Baga-Biga, 2023

Taldearen hirugarren lanak iragana eta oraina batu ditu, etorkizunera jotzeko. Atzo diskoko bost kantuek euskal musika taldeak gorestea dute xede, horietako bost esanguratsu aukeratuta: Latzen, Barricada, Berri Txarrak, La Polla Records eta Ken Zazpi taldeen abesti banaren moldaketa irekiak dira. Gaur diskoak, berriz, bost kantu berri dakartza, abestiren batean aurreko lanetako izpiren bat egon arren.

484bulego

ALDATU AURRETIK
Bulego
Panda Artist, 2023

Gipuzkoarren estudioko bigarren diskoa aldaketei buruz hitz egiten duen lan kontzeptuala da. Guztiok bizi ditugun aldaketen gainekoa: lanez aldatzea, bikotekidearekin hasi edo amaitzea, toki berri batera bizitzera joatea edo, besterik gabe, denboran aurrera egitea. Inoiz baino poperoago, Tomas Lizarazu, Xabier Arrieta eta Ruben Lizarraldek hamar abesti bildu dituzte album honetan.