JUAN LUIS ZABALA ARTETXE (Azkoitia, 1963) idazlea itzultzailea eta zuzentzailea da ogibidez. Nobela, poema eta narrazio asko argitaratu ditu, baita sari garrantzitsuak irabazi ere. Joan den urrian Dimisioa (Susa) ipuin bilduma kaleratu zuen. M. Egimendi. Argazkiak: Javi Colmenero.

2040. urtetik aurrera kokatu dituzu ipuinok. Nolakoa da mundu hori?
Nahiko baketsu eta harmoniatsua. Badirudi gizateriaren gutxieneko premiak aseta daudela: ez dago goseterik, medikuntza nahiko zabaldua dago mundu osoan eta berdintasuna dago bai herrialdeen bai herritarren artean, erabatekoa ez bada ere. Gaur egungo arrisku eta ezintasun nagusiei erantzuten dien mundua da, baina triste eta ilun samarra aldi berean; izan ere, ordainetan, gizakiak Agintaritza Global Konputarizatuaren (AGK) esku utzi behar izan ditu agintea eta erabakitzeko ahalmena.
Zergatik jo duzu orain zientzia fikziora?

Neure baitatik ateratzea izan da motiboetako bat, idaztean nire joera naturala neure kezketan, beldurretan, ezinegonetan... oinarritzea delako. Erregistroa aldatu eta kanpora begirako zerbait egin nahi nuen, ez dakit lortu dudan. Bestalde, erabakia N-634 narrazioaren ildotik ere etorri zen. Beharbada, lehenago idatzi nuen Editoreari omenaldia, baina ordurako N-634 buruan bueltaka neukan, idatzi gabe, orain ikusten dugun auto betekada honi ezin zaiolako eutsi. Horrek eraman ninduen hemendik 20-40 urtera mundua nolakoa izango den pentsatzera. AGKren ideia sortu zitzaidan eta hurrengo ipuinetan garapena eman nion.

 

“Gero eta zailagoa da informazio iturri fidagarri eta sinesgarriak izatea”

“Editore literatur zale eta jantziaren ikuspuntua mesedegarria da beti”

“Kritikarien esanak, oinarri handiko iritziak izanik ere, interpretazio pertsonalak dira”

“Politikariek ez dute bilatzen euskarak benetan bestelako indarra hartzea”

“Oso bazterreko kultura da gurea, geure herrian”

“Chill Mafiaren euskara ezin dut jasan”

Artikuluaren zati hau bakarrik  harpidunek ikus dezakete. Mesedez, hemen klikatu harpidetza egiteko eta artikulu osoa ikusi ahal izateko.

Zergatik kostatzen zaigu hainbeste euskaldunoi euskaraz irakurtzea?
Gure egoera diglosikoagatik. Ni neu, eta ez dut uste pertsona arraroa naizenik alde horretatik, munduko herri euskaldunenetako batean jaio eta euskaraz hazi naiz; unibertsitatean euskaraz ikasi eta hala lan egin dut 30 urtez baino gehiagoz; euskarazko harremana dut familian eta lagun gehienekin. Baina oraindik ere errazagoa zait gaztelaniaz irakurtzea euskaraz baino! Pentsa euskarari hain loturik bizi ez den beste edozein euskalduni! Ikus-entzunezkoek indar handia dute, eta hortik datorrena erdaraz dago, gizarte erdaldunean bizi gara. Oso zaila da euskarak irismen handia izatea, baita euskaldunontzat ere, eta ez dago horri buruzko kezka politikorik. Gutxieneko batzuk lortu dira euskararako, baina eustea dute xede. Ez euskarak benetan bestelako indarra hartzea, politikariek ez dute horren gaineko kezkarik.

Artikuluaren zati hau bakarrik  harpidunek ikus dezakete. Mesedez, hemen klikatu harpidetza egiteko eta artikulu osoa ikusi ahal izateko.

KOLKOTIK

Nola ikusten duzu zure burua 20 urte barru?
Zahartuta, bizi banaiz, kar-kar!
Idazlea, itzultzailea... Letra gizona ez bazina, zer?
Kamioi txoferra.
Idazle bat?
Franz Kafka.
Zer liburu oparituko zenioke 10 urteko ume bati?
Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian.
Eta zure adineko norbaiti?
Mikel Alvarezen Euskalia.
Sailkatuko ote da Reala aurten Europarako?
UEFA Europa Conference League-rako sailkatuko da.
Maite duzun hitz bat?
Ataria.
Irakurtzeko lekurik onena?
Etxeko sofa.
Idazle izateak daukan gauza on bat?
Gaizki ikusia dago hau esatea, baina terapia modu bat dela.
Eta txarra?
Zeure buruari buruzko irudi okerra ematen duzula publikoki.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Arrautzak.
Zer moduz egiten duzu sukaldean?
Gaizki.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Dotoreagoa izan zitekeen pertsona bat.
Korrika datorren hilean, non egingo duzu antxintxika?
Azken aldietan, auzoan egin izan dut, kilometro pare bat edo.
Nor da heroia zuretzat?
Arazo larriak dituzten seme-alaben gurasoak.
Zerk galarazten dizu loa?
Azkenaldian, jendaurreko agerpenek.
Bizitzako plazer txiki bat?
Bizikletan ibiliz lekuak ezagutzea.
Larunbat gauerako planik onena?
Etxean telebista ikustea familiarekin; ziurrenik, gaztelaniaz.
Bi hitzetan, nolakoa da Juan Luis Zabala?
Herabea eta beldurtia.